Orioko EAJ-ren gutuna: "EAJ-ren kudeaketa lau hilabete hauetan"

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 18a, 13:40

Orioko EH Bilduren idatzi bati erantzun nahian, Orioko EAJk puntu hauek argitu nahi ditu, eta oriotarrei argi eta garbi azaldu zein izan den orain arteko ibilbidea. Hauek dira lau hilabete hauetan jorratu diren proiektuak: 1.- Ekainean Orioko Ikastolako zuzendaria etorri zitzaigun, Ikastolen kooperatibak LHko lehenengo mailari kontzertazio bat kendu ziela-eta. Alkatea eta hezkuntza zinegotzia berehala hasi ziren lanean, eta uda osoan zehar erakunde ezberdinekin bilduz ibili ostean, Eusko Jaurlaritzak Orioko Ikastolari kontzertazio bat gehiago ematea lortu zen. Zigor Saizar Zuzendariaren esanetan, oriotarrek edo ikastolako familiek aurreztuko dutena, nahi bezala begiratu, ia 400.000€ dira. 2.- Aurreko gobernuak urtebetetik gora Zaragueta Eskolako saskibaloi saskiak eta eskubaloi ateak jartzearen egokitasuna eztabaidatzen igaro zuten, baina EAJ-PNVk lortu du horiek jartzea, zegokion finantziazioa lortuta. 3.- Euskaltegia martxan jarri da. Aurreko gobernua irisgarritasun legedia betetzen ez zuen gune baten egokitasuna eztabaidatzen baino ez zen jardun. EAJ-PNVren gobernuak, arazoa aztertu eta beharrezko finantziazioa lortu ondoren, Kosta-Tailerrean egokitu du horretarako lekua. Orioko Euskaltegia errealitatea dela esan daiteke. 4.- Ludoteka EAJ-PNVko Jon Redondo buru zela, 2007-2011 legealdiko proiektua zen. Aurreko agintaldian hasi ziren lanak eta orain amaitu dira, baina gaur egungom egoeran egoteko ere finantziazioa lortu da. 5.- Arrantzale Kaleko bidegorriaren kasuan, EH Bilduk bere proiekturen kontra joateko helburua erakutsi du. Aurreko alkateak, Beñat Solabarrietak, alkate dekretuz onartutako proiekturako 20.000 euroko subentzio lortu zuen, aurreko agintaldian eskatu eta egungoan eman da. Badirudi Bilduk nahiago zuela diru hori itzultzea lanak egin baino. Ibilbidea "Topagune Berdeak" gomendatzen duena da eta eraikitzea onartuta dago, 28.000€ lortzea baino ez zen falta. Behin EAJ-PNVk falta zen dirua lortu du, baina proiektua aurrera ateratzeko bakarrik utzi duzue, nahiz eta ordura artekoa zuek egin. 6.- Kiroldegian eta Begi-Bistan enpresan utzi dituzuen arazoak konpondu ditugu. Asko hitz egiten du Bilduk prozoduren inguruan. Orioko Udalak BPXort enpresarekin zituen 2014ko zorrak kitatu ditugu. Zorraren aitorpena e-mail bidez zegoen egina, non aurreko alkateak 2015ean ordaintzea hitz ematen zuen. Zuen agintaldia amaitu eta oraindik ere ordaintzeke zegoen. Teknikarien txostenek esaten zutenari kasurik egin gabe sinatu zenituzten baldintza plegu batzuek eragindako zorra ordaintzeko adina diru ere lortu dugu 4 hilabete hauetan. Baliteke hori izatea hainbestetan aipatzen duzuen "teknikoen kontsulta" jarduera. Beldurra ematen du Orioko Udalaren zorrei begira jartzea. Tasak igotzeko erabakia hartu badugu aurreko agintaldiak utzitako herentziarengatik izan da, Bilduren garaian izandako gestio negargarriaren ondorioz. Ez ditugu tasak igo alkatearen soldata ordaintzeko (aurreko alkatearena baino 304,63€ altuagoa da, hala ere), hondakin eta kaleen garbiketan dagoen urteko 495.000 euroko defizitari aurre egiteko baizik. Datorren urterako Bilduren proposamenekin, EAJ-PNVrenak ez baitira onartuak izan, defizita 639.000€koa izango da, zakar eta kale garbiketan bakarrik. Eta gero Udalaren egoera ez dela txarra esateko lasaitasuna dute Bildukoek. Kontu publikoetan onaren eta txarraren arteko desberdintasuna horrela egiten dutela ikusita, azken lau urteetako deskalabruak ez gaitu batere harritzen. Gainera, EAJ-PNVk tasen %80 izozteko proposamena egin du. BILDUk, ordea, hondakinak, kiroldegia eta musika eskolakoak igotzekoa egin duen bitartean. Hau idatziz dago, baina bozkatzerako orduan atzera egin dute Bildukoek. Izen bat dauka horrek gure herrian. Lau hilabete hauetan EAJ-PNVk garatutako proiektuak aurkeztu ditugu, era zuzenean. Ez legoke gaizki Bilduk erabiltzen dituen komunikabide hauek oriotarrei aurreko lau urteetan egindakoak jakinarazteko erabiliko balira. Orain-engatik izan ez balitz, Bilduren ekarpena hutsaren parekoa litzateke.   Orioko EAJren gutuna