Aitor Gorrotxategiren gutuna: Urretxuko bidea

Urola Kostako Hitza 2016ko mar. 10a, 11:45

Joan den asteburuan jakin genuen Foru Aldundia aurrera egiten ari dela Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanekin. Lan horiek mesede zuzena ekarriko digute GI-631 errepidea erabili behar izaten dugun ehunka azpeitiarroi hainbat eta hainbat arrazoirengatik; erietxe kontuengatik, esaterako.
Aurreko legegintzaldiko EH Bilduko foru gobernu taldearen lau urteko paralisiaren ondoren, eta epealdi berean Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek ere errepide hori hobetzearen aurrean agertu zuten hutsaren hurrengo interesaren ondoren, gauzak mugitzen hasi dira. Poztu egiten gara urrats horretaz, eta zorionak eman behar dizkiogu Aintzane Oiarbide foru-diputatuari, errepidearen hobekuntzan buru-belarri sartu delako, eta, nola ez, alboko herrian dugun alkateari, Javier Zubizarretari, bere kargua hartu zuen unetik gai hori eskuetan hartu zuelako. Azkoitiarentzat ona dena, Azpeitiarentzat ere ona da. Foru Aldundian nahiz Gipuzkoako udal handi eta ertain askotan gertatu diren gobernu aldaketek balio izan dute lurraldeko azpiegiturak eguneratzeko eta bizi-kalitate handiagoa lortzeko beharrezkoak eta esanguratsuak diren proiektu asko lo sakonetik ateratzeko. GI-631 errepidea da horietako bat, 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotzen den moduan. Planifikatzea, lehentasunak jartzea eta gauzatzea, hori da bidea. Aitor Gorrotxategi. Azpeitiko Udaleko EAJren bozeramailea.