Momentua heltzen denean

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 5a, 10:24

Telmo Irureta. PUNTUKA. Iritzia.

Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia. Eta hor zaude zu. Antzoki Zaharrean, aurkezle-lanetan. Lagun batek dioen bezala, mikrofonoa "al más puro estilo Madonna" jarrita. Grano handi bat dirudi argazkietan. Politagoak ziren txikitan pajitekin egiten genituenak (Elhuyar hiztegiaren arabera, egokiagoa da lastotxoekin, baina egia esan, nik ez dut hitz hori atsegin). Belarri atzetik ahora zihoazen plastikozko hoditxo koloretsuak ziren gure mikroak. Hamalaugarrena. Hirugarrena zuretzat. Eta aurreko bi urteetan baino lasaiago zaude. Ziur Begoña ere erosoago sentitu zela hamaikagarrenean. Begoña del Teso. Lehen berak egiten omen zituen pelikula hauen aurkezpenak. Beno, hauenak ez, beste batzuenak. Baina bera ere izan zen Haur eta Gazte Saioetako monologista. Hiru dira aurtengo filmak, Koko, dragoi txikia, Bram Barrabas eta Girlhood.  Azken hori aurkeztea tokatzen zaizu gaur. Apirilak 19 (San Eztakitzein).  13-15 urtekoak izango dituzu begira eserlekuetan, eta zuk barruan daramazun pedagogoa aterako duzu eszenatokian. DBH gaur publikoan. Adin zaila. Bai? Zailagoak iruditzen zaizkizu zuri txikitxoak. Atzo batek "noiz hasiko da pelikula?" galdetu zizun, esaten ari zinenarekin asper-asper eta nazka-nazka eginda. Eta berdin aspertu eta nazkatu daitezke nerabeak, baina ez dira hain... Espontaneoak? Naturalak? Lotsagabeak? Lotsagabetuta aritzen zara zu ere oholtza gainean. Ironiarekin jolastea gustatzen zaizu eta umeei erdi ezkutuan gelditzen den umore dosi hori iristen zaien ez dakizu. Speech-a egokitu behar duzu. Nerabeekin ezberdina da. Girlhood ikustera etorriko direnentzat prestatu duzun bakarrizketa errepasatzen hasi zara. Beroketa moduan hartu duzu soinu-proba. "Badakizue zertaz doan? Badakizue zein den gaia? Ez? Nik esango nuke ez dagoela gai bat bakarrik, gai asko ukitzen direla film honetan. Baina batzuk beste batzuk baino azpimarragarriagoak dira, pisu handiagoa dute. Nik NERABEZAROA eta AUTOESTIMUA azpimarratuko nituzke. Ez baikara konturatzen geure buruak maitatzea ze garrantzitsua den". Keinu bat egin dizu Juancarrek eskuarekin. Ondo entzuten dela adieraziz teknikarien gelatxo hartatik. Atea irekiko duela jakinarazi dizue Lourdesek, eta testu ikasiaren hurrengo zatitxoa Aitorri xuxurlatu diozu teloiaren atzean. "Normala da nerabezaroan mundua zure kontra dagoela pentsatzea. Kanpotik eta barrutik aldatzen ari zarelako, emakumetzen edo gizontzen, baina gertuegi duzu haurtzaroa zenbait gauza ulertu ahal izateko. Gure protagonistari inon enkajatzen ez duela irudituko zaio». Irribarrea marraztu dute Aitorren ezpainek. Zureak ere ausartu dira irri egitera eta isiltasunak besarkatu zaituzte. Ez duzu errepasatzen jarraitu nahi. Ez duzu une polit hori zatartu nahi. Erraz aterako zaizkizu hitzak, ez kezkatu, momentua heltzen denean ahoskatuko dituzu. Erraz, oso erraz. Edo ez, baina egon zaitez lasai. Esan gura duzuna argi badaukazu, aurkituko duzu sentitzen duzuna azaltzeko moduren bat. A, aurkezpenari buruz ari nintzen, ezta? Aurkezpenekoak bai, aurkezpenekoak oso erraz aterako zaizkizu.