GUTUNA: Erabaki (ez) genuenekoa

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 1a, 10:35

Maialen Etxanizek, Eider Bereziartuak eta Julene Frantzesenak 'Berria'-rako idatzitako iritzi artikulua.

Pentsa honako hau egia dela: "Festak ziren, eta ondo gogoan dut zeinen ederki pasatu nuen parrandan. Gaupasa egin, eta botoa ematekotan nintzen, baina ez nintzen iritsi hauteslekura. Ajeak ez zidan utzi. Baina egindakoari garrantzia kentzeko asmoz-edo, ez zela loteslea esaten nion neure buruari, ez zuela ezer askorako balio». Nire lagunak joan ziren bozkatzera, eta hurrengo eguneko kafearen bueltan galdetu zidaten bozkatu al nuen. Lotsaz-edo baietz erantzun nien. Boteprontoan eta pentsatu gabe. Eta gezurrari tiraka ibili naiz urte guztiotan. Horrelakoak gara, eta zer erremedio! Dena den, ez bozkatzeko erabilitako aitzakiak, biharamunak, ez du baliorik. Ez da arrazoi nahikoa, badaitort. 2016ko ekainaren 5 hura ondo gogoan daukat. Eta tarteka akordatzen naiz ordukoaz. Ohean pasatu nuen eguna, eta galdeketaren hurrengo egunetan igande hartan bertan baino buruko min handiagoak izan nituen. Gaur goizean, lagunekin gosaltzera joaterako erosi dut egunkaria. Honela zioen azaleko lerroburuak: "Independentziaz herri galdeketa egingo da Euskal Herrian". Déjà vu. Ostera, gogora etorri zait galdeketa nire herrian egin zenekoa. Ajeagatik bozkatzera joan ez nintzenekoa. Lagunekin gosaltzeko elkartu, eta beste konturik ez: "Aizan, enteratu al haiz datorren urrian independentziaz herri galdeketa egingo dela Euskal Herrian? Bai, ez zagon ez enteratzerik. Hori lata ematen ari direna hedabideak. Beno, oraingoan ere joan beharko dinagu, ezta? Oraingoan? Noiz bozkatu dun ba halakorik? 2016ko ekainaren 5a zela uste dinat, baina ez nagon ziur. Egia, hala zunan. Orduan ere, gazte izanagatik joan gintunan botoa ematera. Lehenengo aldiz eman ninan botoa, gainera. Ederra izan zunan. Emozioz betetako eguna". Eta ni bitartean isilik. "Hik zer, ez al dun hitz egin behar? Nik? Bai, beno. Polita izan zunan, bai, baina ez naun askorik akordatzen. Jo-de. Erretiratuko hintzenan goizeko ordu txikietan, eta pasatu gabe joango hintzenan bozkatzera. Beno, urteak pasatu ditun, eta egia esango dizuet: ez ninan botorik eman. Kaskarreko minez egon nindunan egun osoa ohean, eta urte hauetan guztietan ere gogoratu naun egin nuenaz, herriz herri galdeketak iragartzen zituztenero. Ea, ea, uler dezagun: hain aldarrikatzaile haizen lagun horrek, ez al hunan bozkatu? Akabo! Beno...". Benetakoa izan daitekeen kasua zen aurrekoa, baina erreala dena da ekainaren 5ean, igandez, festa eta aldarrikapen eguna izango dela Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eguna izango da. Egitekoa. Bozkatzekoa. Etorkizunean zer nahi dugun esatekoa. Erabakitzekoa. Irakurri iritzi artikulu osoa, Berria.eus-en.