Koldo Aldalurren gutuna: Erlakiztena

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 22a, 16:54

Koldo Aldalurren iritzi artikulua, Pako Aristiren 'Alaitasun triste bat' artikuluari erantzunez.

Ba al dakizue zertan geratu den Alaitasun triste bat izenburupean, gurean behintzat, hainbeste hauts harrotu zuen Pako Aristi idazleak ekainaren 5eko herri galdeketaren bezperan Berrian argitaratu zuen iritzi artikulua?
Hain egun seinalatuan kalera irten eta entzun nuen lehen iritzi 'eraikitzailea' honakoa izan zen: "Esaiok hire lagun horri ea artikulua idatzi zuenean bekatxoa zuen bizi-bizi betondoan, edo erlakizten handiren bat atzekalde horretan, bestela etzegok horrelako amorruarekin idazterik, noiz eta, hain zuzen ere, gurean hainbesteko askatasun ilusioa sortu den unean". "Gurean" definitzeko ez eskatu, eta "ilusioa" itxaropena ala errealitatetik gutxi duena den ere ez, mesedez, haria galduko dut eta. Aurrera, beraz. Nik ere batzuetan pentsatu izan dut hainbatek ezagutzen duen autokritika bakarra egunkarietan auto modelo berriei eginiko kritika dela, baina kasu honetan kritikarako arrazoirik badela susmatzen dut. Pakok ez du protagonismo beharrik, herri honetan gertatzen ari dena aspaldidanik ikuspuntu ez-ofizialetik aztertu nahi izan duelako eta desberdin pentsatze honek beti ekarri izan dio artaldetik bereizteko modua; badakizue, ardi beltzarena. Horregatik ez dut ulertzen galdeketa-independentzia fenomenoa beste prisma batetik aztertu nahi bazuen, zergatik aukeratu zuen festa giroa zapuzteko aproposena zen eguna. Denbora nahikoa izan du, eta du, ur geldiak erabat ustel ez daitezen makila hartu eta astintzeko. Eta behin ura haizetu duenean bere isiltasuna ulertezina izango litzateke. Gaia nahi zuen tokian dauka. Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen, Uztarria.eus-en.