Haritz Etxeberriaren IRITZIA: "Azpeitia, gure herria"

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 29a, 11:56
Azpeitia gure herria asko maite dugu azpeitiarrok. Batez ere, gurea delako. Baina gure herriak eta herritarrok baditugu lotsatzeko arrazoiak. Izan ditugu historian zehar jarrera eta jokaera oso zalantzazkoak. Askotan, atzera begiratzea izaten da hoberena etorkizunerako ikasgaiak ateratzeko. Ez ahaztu Azpeitia beti herri ezaguna izan dela bere jarrera kontserbadoreagatik. Ekainak 27a zen orduan ere. Baina 1931. urtea. Lau lagun gerturatu ziren Azpeitira, Espainiako hauteskunde orokorretan errepublikaren aldeko botoa eskatzen, tartean ziren Joxe Lopetegi bertsolaria, Joxe Miel Gomendio eta Justo Garate mediku eta idazle bergararra, ANV-EAEko ordezkari gisa. Mitina egiteko asmoa zuten, baina azpeitiarrek ez zieten utzi. Eta lau errepublikazaleak jipoituak izan ziren. Lopetegi bertsolari errepublikanoak, amorratuta, bertsotan kontatzen du gertatutakoa. Kuriosoa da, bertso horietan eta azpeitiarrei erreferentzia egiten lehen aldiz erabili zen “nazi” hitza. Bertsoak oso gogorrak dira azpeitiarrekiko, eta horrela diote:
  Zer buruzbide bihotz gabe zer anaitasun zitala zer gizontasun neurri gabea zer zentzu gabeko ergela zer gertatzen da Euskal Herrian zerk garabiltza honela zer itxuretan anai jatorrak zer pakez ezin gaudela zer esan nahi du jarraikera honek zer, zentzu gabeak gerala Nun gertatu da honelakorik nun jaunak, nun, Azpeitian, jesuita ta erlijiua besterik ez dan tokian Askatasunaz gaudezelako lau lagun aruntz joan ginan gure barrengo fede leiala aitortutzera hitz bian ekin ziguten laueri milak guztiz modu itsusian Gugandu ziran atzaparrakin lepotik ito nahiean udazkenean nola enarak alanbrearen gainean hitz bat egiten utzi nahi ezik modurik okerrenean odolean ezin irukirik min zutela barrenean beldur ziraden bihurtutzeko norbait gure esanean Garate jauna Bergarakoa euskaldun jatorra berez euskalduna bai ezkerrekoa apaizak ekusi nahi ez heldu zioten zamarretikan lau puska egin beharrez Santakruz zanan odol beretik nazi dira gure ustez Aita Inazio sortu herrian bihotz onekoak daudez Gomendio zan honen laguna jaun on bat oñatiarra hotzikan gabe laja diote gizajoari bizkarra tira ta bultza hautsi zioten soinean zeukan zamarra ekustearren zeinen pizkorra berez dan azpeitiarra Askatasuna indartutzeko ez dago kuadrila txarra Mila baziran lau zatitzeko ez al da lotsa euskalduna atzerrietan ai zer fama guk ekusi behar deguna hau al da lege erlijiuak erakutsitzen dizuna? Modu horretan baldin badabil maltzurtzar bihotz-astuna bide hortatik ez da etorko Euskadin Askatasuna
Amorruzko bertsoak. Betiko eskertuta egon behar dugu Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendik idatzitako Loiolarik ez balitz liburuari. Eta bertsoei Joseba Tapiak jarri zion doinua askatasunez abestian ('Real Politik' diskoa). https://www.youtube.com/watch?v=WoD_x6ly7RE&feature=youtu.be Horrelakoak asko izan dira gure herri maitean. Bide batez, alkatea atxilotu zuten.