Iñaki Segurola PUNTUKA: 'Moxal legea'

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 21a, 12:54
Nazkaturik gizonen legeekin, nazkaturik ia gizon izatearekin berarekin, nazkaturik gizonaren gizalegearekin... zer egingo?, nora joko?, eta moxalari begira jarri naiz. Behorraren eta zaldiaren umea da moxala. Eta beti da umea. Gehienez ere urtebeteko adina harrapa dezake moxalak, eta horregatik dago moxala beti adinik ederrenean. (Gero beste zerbait bihurtzen da, eta ez zaio "moxal" esaten.) Beti umea da moxala, eta heldugabea, eta xamurra. Polita ere bada moxala, eta zerbait baldin bada horixe da: polita. Ez da "ederra": zaldiak eta behorrak izaten dira ederrak, edo berdin itsusiak, baina eder-itsusien merkatu horretatik kanpora dago moxala; polita da, eta besterik ez. Moxalak ez daki emea edo arra den. Hau eta bestea senti ditzake bere larruan gozo-gozo eta bizi-bizi, baina hortik goragokorik adierazten ez daki. Edo "zaldiko" edo "behoka" den jakin beharra dakarren legeaz honuztik, moxala beti da moxal, arin eta ezjakin. Grazia dauka moxalak, eta grazia egiten du. Etengabeko jolasguragatik?, xaltokako ibileragatik?, bere hanka-xuxtarrengatik? Ez dago jakiterik. Grazia egin egiten da, eduki egiten da, baina jakin, ez da jakiten. Ausarta da moxala eta, aldi berean, izua: hau da: gustuko ez dituen leku eta gauzetatik ihes egin zalea. Haren irrintziak ere badirudi bizipoza eta haserrea dituela berekin, biak batean bezala. Xamurra dela ere esan dugu, baina xamurra bezain takarra ere bada: zer komeni den eta huraxe. Arnasa eta bihotza ere ez dira beti bat, eta moxala ere ez: beti-bat izan behar hori gizonak asmatu zuen bere buruarentzat eta bere burua jainkotzeko. Moxalak jabea izan lezake, zorte eskas horixe tokatu baldin bazaio eta larre-moxal bete-betea ez baldin bada, eta hala ere, ez da jabearen esanera erraz errenditzen dena. Poni hankamotxari lana eginarazten ahal zaio, eta ikuskizunetan ere atera liteke, baina moxalarekin jai dago: moxal hankaluxe tirtiriak ez dira batere aproposak gizonari bere lanean eta bere aspermenean laguntzeko. Moxalak ez du baimenik eskatzen nahi duen lekuan ibiltzeko, ez beste moxalekin bildu eta irrintzi egiteko edo jolaserako ere. Moxalak izen bat eta zenbaki bat eduki litzake gizonak jarriak, baina alferrik galdetuko dio hari jabeak edo zaintzaileak zer izen eta zer zenbaki dituen: ez ditu hola-ta-hola esaten, eskatuta ere. Moxalak ez du asko behar, baina asko nahi du, dena nahi du. Gizonarekin, alde erantzira da gauza: gizonak ez du asko nahi, baina asko behar du, dena behar du. Gizonari askatasuna agindu zioten, eta askotasunarekin etsi behar izan du eta askotasun horrexek ito du. Moxalak larrean xaltoka ibiltzea du maite: ez dago munduan askotasunik askatasun hori urratuko dionik. Nazkaturik gizonen legeekin, eta bereziki gizonak eta emakumeak zaintzeko daudenen legeekin, moxalari begira jarri, moxalaren pare sentitzeko gogo bizi batek harrapatu, eta adierazten dut Moxal Legea aplikatuko diodala neure buruari ahal dudan guztian.