Maria Jesus Aranbururen GUTUNA: Marea Arroxaren kamiseta

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 21a, 15:37
Hezitzaile bezala, kezka eta hausnarketa elkarbanatu nahi nituzke, Azpeitian, Marea Arroxaren inguruan, ikusten ditudan gauza batzuengatik. Nik uste Marea Arroxa guztiontzat festa suspertzeko jaio zen mugimendu bat zela, baina urtero-urtero, joera politiko jakin bat erakusten digu, zilegi dena noski, baina alderdikeria azaltzen duena. Festa alaitzeko, suspertzeko, anbientatzeko kamiseta arroxak bultzatzea oso ondo dago, baina kamiseta horietan adierazpen jakin batzuk azaltzea, beste batzuk ahaztuta utzirik, ez zait ondo iruditzen. Festaren inguruko leloa izatea ondo; hortik aparteko lelo politikoek aukerazkoak izan behar lukete. Oso ume gazteak nahiko dute kamiseta arroxa janztea, eta adin horietan badakigu taldeko parte izatea oso garrantzitsua dela gaztetxoentzat. Zergatik egon behar dute "behartuta" politika adierazpen jakin batzuk soinean eramatera? Kamiseta arroxa batzuk atera, eta gero, nahi duenak ipin ditzala nahi dituen pegatinak. Izan ere, hain gazte diren umeenganako manipulazio saiakera bat dirudi. Umeak libre hazten eta hezitzen saiatzen ari gara, autonomia eta erabakitzeko ahalmenak indartzen, elkarrekiko errespetuan oinarritutako gizarte batean. Autonomia garatu dezatela beraien erabakiak hartzeko. Heltzen doazen heinean, bakoitzak bere bidea egingo du. Uste dut guztion festak guztiontzat aldarrikatzen dituen mugimendu batek ez lituzkeela inposatu behar lelo politikoak. Maria Jesus Aranburu, andereino ohia. Azpeitia.