Jabier Altunaren GUTUNA: 'Errespetua'

Urola Kostako Hitza 2016ko abu. 3a, 11:09
Azken egunetan saninazioen atarian zezenketen aurka egindako erakusketaren inguruan herrian izan dugun ika-mikaren harira honako hausnarketa hau plazaratzea gustatuko litzaiguke.

Gure babes osoa eman nahi diogu Mikel Ibarzabal zinegotziari. Herri ordezkari bat da eta errespetu osoa merezi du. Gainera, gai honetan, eta argazki hartako galderari erantzunez, gu ordezkatzen gaituela esan nahi dugu.

Alkateak errespetua eskatu du berarentzat. Ados. Bakarrik esan nahi dugu, guk, gure zinegotziek, beste batzuetan, errespetu falta handiagoak eta irudi pertsonalaren erabilpen okerragoak izan direnean, babes bera nahi izan dugula alderdikerien gainetik guztiona behar lukeen alkatearen aldetik, baina ez dugula lortu.

Horren harira, egun hauetan jendea lurpera bidaltzeko eskatuz kalean ikusi ditugun eta udalak kenarazi ez dituen pankartak errespetuzkoak al dira? Zer giro zabaltzen du Udalak mezu hori aste bete pasatuta plaza erdian kendu gabe uzten duenean? Inbutuaren legea...

Herritar guztiok, zezenzaleek, kristau sinesmena dutenek, pentsaera politiko desberdinetakoak garenok... Isekarik eta irainik gabeko festak pasatzeko eskubiderik ba al dugu? Ala batzuek bakarrik?

Aurrerantzean, eta ikusitakoa ikusi ondoren, edonork antzeko errespetu falta bat jasango balu, antzeko babesa eman diezaigula eskatzen diogu alkateari.

Jabier Altuna, Azpeitiko EAJren izenean.