Eneko Etxeberriaren IRITZIA: "Legearen zaindaria"

Urola Kostako Hitza 2016ko abu. 27a, 13:56

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak honako iritzi artikulua idatzi du "legearen zaindarien" botereaz eta jokabideaz. Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiaren inhabilitazio kasua du abiapuntu.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Legearen zaindaria
Kafkaren ipuin ezaguna film labur zoragarri bihurtu zuen Orson Wellsek. Hemen ikus dezakezue, gaztelaniazko azpitituluekin. Kafka, idazle handia izateaz gain, abokatua zen; eta ipuinean, bere ikuspegia ematen du legeez. 'Legearen zaindariak' ipuina metafora bat da, interpretazio asko izan ditzakeena. Baina argi ikusten da zaindariak ez direla zaindari, legearen jabeak dira, altxor pribatu baten jabeak, hitz konplexuak, abokatuak, bitartekariak, interes ezkutuak; herritarrak defendatzeko baino, dominatzeko tresna. Herritarrak beldurra sentitzen du zaindariaren aurrean, justiziaren aurrean. Eta ez du justiziaren atea zeharkatuko. Ez dago justiziarik berarentzat, ez da inoiz justiziarik egongo, ez baldin badira ziurtatzen zaindarien gardentasuna, argitasuna, interesak eta independentzia. Ez dago justiziarik berarentzat, nahiz eta atea formalki zabalik egon berarentzat. Egun hauetan, tamalez, demokrazia eta oinarrizko giza-eskubideak legearen zaindarien esku daude. Beste behin, legearen zaindarien esperoan geratzen gara euskaldunok.
https://youtu.be/nb-YPR1QlPg