Azpeitiko EH Bilduren GUTUNA: "Herria egiten segituko dugu"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 7a, 18:13

Boto paperetatik Arnaldo Otegiren izena ezabatu digute. ‘"Aukeraezina" omen da. Ezin omen dugu guk aukeratu gure ordezkaritzat nortzuk nahi ditugun. Lehenik, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak egin gisan, Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi, EH Bilduko oinarriek aukeratutako lehendakarigaia, irailaren 25ean ezingo dugula bozkatu erabaki du. Beste behin Euskal Herritik kanpo hartu dute erabakia. Beste hainbatetan egin gisan. LOMCE nahiz Lan Erreformaren gisan, besteak beste. Espainiako Estatuak arazoa ez du Otegirekin. Euskal Herriarekin du; gure herriaren gogo eta borondate demokratikoarekin. Estatua edozein eremutan euskal herritarrei dagozkien erabakiak hartzen ari da, eta, horrek, argi erakusten du gure autogobernu maila zein den. Eta, beraz, berarekin dakar burujabetzaren, independentziaren bidea urratzeko beharra. Hemen eta orain. Otegiren inhabilitazioaren aurrean, hala ere, Otegi berak jarraituko du EH Bilduren ahotsa izaten. Eta parlamentuan EH Bilduk finkatutako bide orria osatu dugun lan talde paregabeak eramango du aurrera. Argi dugu guk. Oztopo guztien gainetik irri eginez, herria egiten segituko dugu. Ilusioa, gogoa eta lanerako grina izango dira horretarako osagaiak aurrerantzean ere. Injustiziak salatuz, EH Bilduren herri proiektua, proposamen politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturala garatzen jarraituko dugu. Horretarako bi zita ditugu datozen egunotan, Azpeitian. Lehenengoa, bihar, 20:00etan, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa salatu eta babesa adierazteko argazki jendetsua aterako dugu EH Bilgunean (Goiko kalen). Bigarrena, berriz, datorren astelehenean, irailaren 12an, hauteskunde kanpainako ekitaldia egingo dugu Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarterekin batera. Egin irri lagunok! Egin herri! Lehendakaririk onena herria delako.