Telmo Irureta PUNTUKA: "Nazka"

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 13a, 11:13
"Beldurra ematen digu egia ahoskatzeak..." (www.fidemiron.com) Bi bizitza izan beharko genituzkeela esan zuen behin Amagoiak, ordurako ia bera baino handiagoa zen bere semetxoari hauts batzuekin ura solidotzen zion bitartean. Ezin edan dezake Aitortxuk normal. Garun paralisia dauka eta ez du hitz egiten, baina ederki daki bere amak une oro zer eta nola behar duen mutikoak. Bi bizitza. Bat ikasteko. Bestea bizitzeko. Ideia ona iruditu zitzaidan, baina ez dut uste bigarren bat izango dugunik. Ikasi eta bizi, bi gauzak egin beharko ditugu batera. Gai gara? Zailagoa dutenek eramaten naute baiezkoan pentsatzera. Haien indarrak. Haien aurrera egiteko gogoak. Hala ere, asko dira bizitzea zer den ez dakitenak. Bizitzak kolpe on bat ematen ez badie sekula ikasiko ez dutenak. Badut gaixotasun arraro bat duen lagun bat. Porfiria izena du. Porfiria gaixotasunak, e, lagunak Fide. Zoragarria da. Zoragarria laguna, e, gaixotasuna putakeria galanta. Dublinen ezagutu ginen. Ze neska jatorra! Ezin itsusiagoa kanpotik, ezin politagoa barrutik. Eta orain gaizki sentituko naiz idatzitakoagatik, baina halaxe atera zait eta halaxe utziko dut. Tontoari tonto deitzen diogu, baina benetan tontoa bada beldurra ematen digu "tonto" hitza erabiltzeak. Beldurra ematen digu egia ahoskatzeak. Baina motza dena motza da eta arazo biologiko-genetiko batek fisikoki horrela zigortzen zaituenean ezin esan dezakete zugatik "una chica del monton". "Del monton" gu gara. Eta itsusiak baino zerbait okerragoa: patetikoak. Horrek beldurra ez, horrek pena ematen du. Amorrua. Nazka. Nazka ematen dugu haizeak eta euriak orrazkera desegiten digutenean. Nazka lige berriak whatsappa erantzuten ez digunean. Nazka ispiluan sudurreko granoa ikusten dugunean. Zergatik jokatzen dugu munduko desgrazia guztiak guri tokatu balitzaizkigu bezala? Fidek ez du sudurrean granorik izango, sudurrik ere ez duelako. Bi zulotxo ditu. Fidek ez du jaso gabeko mezu batengatik malkorik botako, bere begien forma eroria bustitzeko arrazoi potoloagoak badituelako. Fide ez da ilea eztakitnola gelditu zaiolako mecaguenka hasiko. Ba al dute garrantzirik horrelako ñimiñokeriek arazo biologiko-genetiko batek hildakoen antzera ustelarazten zaituenean? Jaio zenean oso ume normala zen itxuraz. Bere pixaren kolore gorrixkak ez zuen inor kezkatu, baina bost hilabete zituela orban batzuk atera zitzaizkion azalean eta ohikoa ez zen zerbait gertatzen ari zitzaiola jakin zuten. Beste bi hilabeteren ostean (zazpi zituela) diagnostikatu zioten porfiria, eta orduan hasi zen amesgaiztoa. Zauri txikiekin eta min handiekin izorratutako haurtzaro bat pasatu duen eskurik gabeko emakumea da Fide. Eskurik ere ez du, ez, ondo irakurri duzu. Jan egin dizkio pixkanaka-pixkanaka gaixotasunaren krudelkeriak. Eta eskuak bezala desagertu zaizkio bere berezko hazpegiak. Bere berezko aurpegiera. Zer geratzen zaio orain? Barruan daramana. Motzak gu gara. Tontoak. Eta ezpainak margotuko ditugu Facebookera igo nahi dugun selfie hori ateratzeko hortzak bere aho desitxuratuan kabitzen ez  zaizkion laguna miresten dugula harro adierazi eta gero. www.fidemiron.com