Urratsen balorazio gutuna: 'Eskerrik asko!'

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 10a, 10:10

Azkoitian estatus politikoari buruzko herri galdeketa egin eta hiru egunera, Urrats taldeak honako idatzi hau plazaratu du: "Izugarria izan da azkoitiarron erantzuna, eta eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen. Bagenekien, sumatzen genuen zerbait handia zetorrela, irailean lanean hasi ginenetik, egunez egun herritarron babesa sentitzen joan garelako. Orain, hau ahalbidetu duzuen guztioi eskerrak ematea dagokigu; boluntarioei, kultur sortzaileei, kirol taldeei, tabernariei, Udalari eta beste hainbat eragileri. Eta nola ez, eskerrik asko, herri-galdeketan parte hartu eta etorkizunari buruz iritzia eman duzuen ia 3.000 herritarroi. Hautetsontziak plazara ateratzea ez da zailena, herritarrek boto papera hartu eta boto kutxan sartzea da benetako erronka; % 31, 56k egin du ariketa hori gurean. Handia izan da! Erabakiaren bidea luzea izango da, eta abiapuntuan gaudela ziur gaude; demokrazian sakontzen ari gara, lurra lantzen eta goxatzen. Lehen aldiz etorkizunaz erabakitzeko aukera izan dugu azkoitiarrok, eta prozesu demokratiko honek erakutsi digu, herriari galdetzeak gizartea kohesionatu eta batu egiten duela. Txikitik handira ari gara lanean, kultura politiko berri bat ereiten, herritarrak ahaldunduz. Hau ez da hemen amaituko. Erabakiaren bidean aurrera egingo dugu, eta bidelagun nahi zaituztegu. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da".