Azpeitiko EH Bilduren gutuna: 'Ekainaren 9a, etorkizunari begiratzeko mugarri bat'

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 1a, 10:04

Egoitz Arruti, Estitxu Elduaien, Maite Aramendi eta Joanes Amenabar. (Azpeitiko EH Bildu) Azpeitiko EH Bilduko kide Joanes Amenabarrek, Maite Aramendik, Egoitz Arrutik eta Estitxu Elduaienek honako gutuna bidali dute Urola Kostako Hitzara: Koalizio bat baino askoz gehiago izan dira Bildu eta EH Bildu beren sorreratik. EH Bildurekin indarrak batzea lortu genuen, gure herriari irtenbideak ematea, ezkerreko proiektu independentista bat proposatzea eta lana egiteko modu berriak erakundeetara eramatea. Horren erakusle da Azpeitiko Udalean azken urteetan eginiko lana, langabezia tasa jaitsi izana, formazioan inbertitzea, babes soziala indartzeko plan oso bat egitea, kulturaren bueltan herri oso bat mugitzea eta, azken finean, lana egiteko modua aldatzea, baliabideak herritarren esku utzita. Dena den, jakitun gara EH Bilduren jarduna eremu instituzionalera mugatu dugula, batik bat; eta hori aldatzeko lanean ari gara. Horretarako, gure proiektuarekin bat egiten duten herritarrak jarri nahi ditugu jardunaren erdian. Hori dela-eta, EH Bilduk nazio mailan abiatutako prozesuarekin bat egin dugu Azpeitian ere, baina gure beharretatik abiatuta. Kultura politiko desberdinetako herritarrak bilduta, instituzioetatik haragoko EH Bildu egituratu nahi dugu, eta prozesu hori dinamizatzen ari gara hamasei laguneko talde bat. Gu ez gara EH Bilduko zuzendaritza, proiektu komun bati begira dagoen EH Bildu dinamizatu nahi dugu. Plano nazionalean, EAren erabakiari begira gaude; izan ere, sentsibilitate desberdineko militanteak biltzen ditu alderdiak, eta prozesuarekin kritiko direnak ere badira. EAko oinarriek hartzen duten erabakia garrantzitsua izango da EH Bilduren bidearentzat, jakina. Ideala litzateke guztiok norabide berean joatea, eta horretan saiatuko gara. Dena den, guk Azpeitiari begira lana egiteko erabakia eta konpromisoa elkarrekin hartu dugu, jendeari iritzia emateko bideak jartzekoa, parte-hartzea bermatzekoa… horretan gabiltza buru-belarri, eta horretan jarraituko dugu. Orain artean, alderdiek zuten gidaritza, eta hori aldatzea nahi dugu: alderdi batekoak, bestekoak edo independenteak izan, pertsonek izan behar dute EH Bilduren ahotsa. Herrira begira dagoen taldea Prozesu hau gidatzeko, herriari EH Bilduren betaurrekoekin begiratuko dion talde bat osatu dugu. Horretarako, talde anitza sortu nahi izan dugu: adina, generoa, lan-esparrua, interesak, gaitasunak… denetik dugu hamasei laguneko talde honetan, eta bakoitzak beretik eta bere ingurutik egiten du ekarpena. Pasa den urtean hasi ginen kontu honi bueltaka, eta urte hasieratik ari gara biltzen. Herrian aurretik lanean jardun duen jendea bildu gara: kirola, kultura, kooperazio taldeak, erabakitzeko eskubidea, ingurumena, euskara… landu izan ditugu, eta horrek Azpeitiko dinamikaren ikuspegi zabala ematen digu. Esan gabe doa, gure oinarriarekin harremanetan gaude uneoro, eta galdetegiak betetzen ari gara haien iritzia jakin eta aurrera begira ditugun erronkak identifikatzeko. Izan ere, eredu horizontal eta parte-hartzaile bat eraiki nahi badugu, beharrezkoa da hastapenetik hori kontuan izatea. Indarra eta zilegitasuna horrek ematen digu. Konpromisoa eman eta eskatzen ari gara, gure herria denona baita, eta EH Bildu ere bai. Gainera, inguruko jendearekin egotean, sumatu dugu ilusioa, eta horrek laguntzen digu aurrera egiten. Ekainaren 9an egingo dugu hau guztia hobeto azaltzeko ekitaldia, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Maddalen Iriarte gurekin izango da, prozesua babesteko. Lanean ari gara, baina benetako prozesua ekainaren 9tik aurrera hasiko da. Ez gara irtengo dagoeneko egindako lan bat aurkeztera, baizik eta guztiok batera egiteko zer bide dagoen erakustera. Horregatik da mugarria ekainaren 9a. Argi dugu EH Bildu determinantea izango dela datozen urteetan prozesu independentista bultzatzeko eta ezkerreko mugimendua artikulatzeko. Beharrezko tresna izango da, izango gara, eta hori herritarren parte-hartzearekin soilik egingo dugu ondo. Horregatik momentu inportante batean gaude.