Amancay Gaztañaga Puntuka: 'Badator!'

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 1a, 10:55

Iritsi da ekaina, eta horrekin batera kurtso bukaerako emanaldi, ekitaldi eta festa guztiak. Irakasle lanetan ibiltzen garenontzat, hilabete berezia izaten da hau. Oporrak ere gainean ikusten ditugu, baina badakigu bai azken txanpa hau ez dela batere erraza izango. Urduritasuna, prestakuntzak eta guztion nekea nahasten diren garai honetan, bat-batean ekintza artistiko guztiek garrantzi bortitza hartzen dute. Urte osoan hobby moduan, edota irakasgai estra bat bezala tratatuak izaten diren diziplinek dute orain protagonismoa. Zestoan badugu bai 40 lagun hankaz gora jartzen gaituen ekintza berezia. Ekainaren 26an Zestoako Antzerki Astea hasiko dugu, eta bertan, azken ikasturte honetan prestatu ditugun lau antzezlan aurkeztuko ditugu. Askotan pentsatu izan dut politika antzerki talde bat bezala antolatuta egongo balitz, gure gizarte hau askoz ere sanoagoa izango litzatekela. Zestoan dagoeneko sei urte daramatzan proiektu honek jende oso ezberdina batzen du. 40 lagun hauetan kolore, forma eta pentsamendu oso ezberdinez osatutako taldea aurkituko dugu. Eta hor gaude guztiok. Komunean dugun helburua aurrera ateratzeko jo eta ke lanean. Esan bezala proiektu hau orain dela sei urte hasi genuen, oso era xumean, udalari antzezpeneko hiru urteetako ikastaro bat proposatu nionean. Ez zen edonolako ikastaroa, bertan interpretazioko teknika zehatzak landuko genituen, eta ikasle bakoitza aktore izateko erreminta sendoekin joango zen etxera hiru urte bete ondoren. Gaur, 40 lagun gara. Aurreko ikasturtean sortu genuen antzezlanak Azpeitiko Antzerki Topaketetako publikoaren saria jaso zuen. Eta, aurten ere, indartsu gatoz. Plazera da herriaren aurrean, a priori, hobbya ematen duena profesionalizatzen ari dela ikustea. Plazera da jendeari artea beraien esku egon daitekeela erakustea. Badakit horietakok askok, ikastaro hau egiten hasi zirenean, inoiz ez zutela imajinatu ere egingo, ezta amestu ere, aktore izatea beraien esku egon zitekeenik. Pertsona serioak izaten erakusten digute. Bizitza ordenatu bat izaten. Lan noble, egonkor eta benetako batetarako prestatzen erakusten digute. Guk, Zestoan, artera dedikatzea ere oso serio dela ikasten dugu. Benetako lana eskatzen duela. Eta hobby huts bat izatetik haratago egon daitekeela sentitzen dugu. Lehengo urtean inguratu ziren 790 ikusleek ere hori sentitu ahal izan zuten. Ekaina mila aktibitate, festa, eskoletako antzerki, musika eskoletako kontzertuz... beteta dago. Irakasle garenok badakigu bai zer den ekaina... baina garrantzitsuena irakastea ahazten da. Artea, antzerkia, dantza, musika... kurtso amaierako aktibitate soil batera baztertzea aldrebeskeria hutsa da. Haurrei hori ere beraien bidea, bide "serioa" izan daitekeela irakatsi behar diegu urte osoan zehar. Eta guk, helduok garenok, berriz, artea kontsumitzen ikasi behar dugu. Azken finean, hau baita gure arima, gure esentzia, elikatuko duena. Eta ez al da ba hau, gure azken arnasa hartzean gu garen horretaz geratuko den azken zatitxoa? Gure esentzia? Elikatu zaitez. Kontsumitu artea.