Anaitasuna futbol taldeak esker oneko gutuna igorri du

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 1a, 12:17

Azkoitiko Anaitasuna Futbol Klubeko talde nagusia hirugarren mailara igo ondoren, honako gutuna bidali du zuzendaritza batzordeak: "Anaitasunako zuzendaritza batzordeak egin duen gutun honekin, jokalariengana eta jarraitzaileengana zuzendu nahi dugu. Eskerrik asko guztioi! Sentimendua. Hitz horrekin laburbildu nahi dugu azken bi urteetan jaso duguna. Gure 83 urteetan ahaztezinak izango diren bi urte. Lehen egun hark ez zuen gorrixek buruan genuen helmuga zapaldu. Nahiz eta metro gutxitara gelditu, egun hartan hasitakoarekin hazi eta hezi da Anaitasuna. Hondarribian sortutako batasunarekin, han isuritako malkoekin sortu zen itsaso gorrian barrena egin du taldeak aurrera, olaturik handienak gaindituz. Bizitzak bigarren aukera bat ematen duela zenbat aldiz entzun dugun. Egia oraingo honetan. Anaitasunari bigarren aukera bat eman dio futbolak, baina aukera hori inork baino gehiago merezi duelako iritsi zaio. Nor garen galdetuko dute, agian, datorren urtean Euskal Herriko futbol zelaietara joaten garenean. Harro esango dugu nor garen, nondik gatozen eta zertara goazen. Gure izena eta izana handitzea egokitzen zaigu orain, denon artean, eskutik helduta. Anaitasuna handi egin dute jokalariek, baina handi egin duzue zuek, jarraitzaileek. Nork ditu, bada, neurketa batean 800 jarraitzaile atzetik bultzatzen? Sinestezina da egin duzuena. Eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. Ez dago zuen parekorik. Nekez aurkituko ditugu zuek baino hobeak. Jarraitzaileek zuzendutako bide horretan, uztarri beretik egin dute bultza gure mutilek eta teknikariek, batetik hogehita zazpira arte, denek. Desberdinak gara, eta desberdin izate hori zuek lortu duzue. Zuek izan zarete gure herriak Anaitasuna esku zarten artean hartu izanaren arrazoi. Denon gustukoa izan den kanta honi, musika eta letra zuek jarri dizkiozue. Handiak zarete. Zuek diozuen bezala, bete arren desioa, ez galdu ilusioa. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko".