Zestoako EH Bilduren gutuna: "Argiteria publikoaren pribatizaziorik ez!"

Zestoako Hitza 2017ko eka. 6a, 15:05

"Zestoako Udala EAJren eskutik argiteria publikoa pribatizatzeko hartzera doan erabakiaren aurrean", Zestoako EH Bilduk bidalitako gutuna da honakoa.

Jakina da azken hamarkadetan administrazio ezberdinetan sektore pribatuaren mesedetan kudeaketa publikoak izan duen gainbehera. Horrela, eta neoliberalismo basatiari men eginez, eskuinak zerbitzu publiko ugari pribatizatu ditu. Ondorioz, eremu publikoak boterea galdu du, eta, bide batez, ustelkeria politikoari ere bidea erraztu zaio. Gauzak horrela, zoritxarrez, Zestoako Udala ere ez da salbuespena izan. 2003-2007 legealdian, EAJren alkatetza tarteko, kale garbiketa zerbitzua hamar urterako enpresa pribatu baten eskuetan utzi zuen udalak. EAJrekin lotura zuzena daukan Serbitzu SL enpresak jaso zuen saria, eta hamarkada oso batean gure kaleen garbiketa esku pribatuetan egon zen. Hamar urteren ostean, Bilduren alkatetzari esker, garbiketa zerbitzuaren ardura berriro udalaren eskuetara pasa zen, lanpostuaren eta zerbitzuaren kontrol guztia berreskuratuaz. Legealdiaren erdira iritsi garenean, EAJk herriko argiteria publikoaren kudeaketa pribatizatu nahi du, eta, horretarako, bete beharreko tramite guztiak betetzear dago Zestoako Udala. Aitzakia herriko argiak sistema arruntetik led sistemara aldatzeko erabakia izan da. Bere garaian Energiaren Euskal Erakundeak lagunduta, argiteriaren zati bat jada aldatua dagoela esan behar da, eta udal brigadak aldaketa gauzatzeko inolako arazo teknikorik ez duela ere gauza jakina da. Ondorioz, udal brigada behar bezala doitu eta plangintza zehatz bat eginda, Zestoarentzat askoz onuragarriagoa izango litzateke orain arte bezala argiteria udalaren eskuetan izatea. Sistema berriarekin energia ugari aurreztuko denez, hortik sortutako onura ekonomikoak herriarentzat beharko luke eta ez enpresa pribatu batentzat. Eta inolako kontsentsu eta azterketa publikorik egin gabe, EAJk ezarri nahi digun erabaki honek, energia bezalako arlo estrategiko baten kontrola pribatizatzearekin batera, udal lanpostu publikoen galera ere ekarriko du. Jakin badakigu, EAJk eremu estrategikoetako hainbat enpresa pribaturekin duen lotura zuzena, administrazio kontseiluetara begiratu besterik ez dago ate birakarien fenomenoa estatuan bezain hedatua dagoela hemen ere ohartzeko. Eta operazioari jantzi "legala" emateak ez du esan nahi antzeko neurriak bestela hartutakoak baino garbiagoak direnik.