Telmo Irureta Puntuka: ‘Ke les den!’

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 15a, 09:47

Leopardoz jantzitako neska bati eskatu nion trenetik jaisten laguntzeko. "Eskerrik asko". Eta Mugi txartela makinako xaflaren gainean jartzeko gero. Piiit egin zezan, ateak ireki zitezen. "Eskerrik asko", berriro. Berak niri telefonoa eskatu zidan, ez dakit nori deitzeko. Eta dirua gero, ez dakit zer erosteko. Eskuzabala ala tontoa naizen galdetzen diot orain neure buruari. Baietza eman nion tigresa kaxkar hari: baietza deitzeko eta baietza dirua hartzeko. "Te cojo cinco euros, ¿vale?". Etxean konturatu nintzen eman nahi niona baino gehiago hartu zidala. Motza ote naiz? Noiztik dira bost euro hogei? Eta kointziditu dugu ordutik ere gehiagotan, baina ez diot ezer esan. Horrelakoa bada, bizitzak nahikoa zigortuko duela pentsatuta. Nazka ematen dit. Eta nazka ematen didate. Pluralean, bai. Bai berak eta baita bere lagunek. Munduko jauntxoak balira bezala jokatzen duten horiek. Ziur zuk ere ikusi dituzula noizbait, irakurle. Pista bat: ez dira gai Donostiatik Zumaiara dauden hogeita hemezortzi minutuetan tabakoaren bizioari "ez!" esateko eta, launaka edo bosnaka, erretzera joaten dira komunera. Apirilaren 2an hiru zihoazen bidaian. Eta Zumaiara iristean beste inor ez zegoen han. Haiek eta ni bagoian. Neska bera bi mutilekin oraingoan. Ez nion hirukote hari ezer eskatu nahi, baina mutiletako batek gurpil-aulkiarentzat arrapala irteten ez zela ikustean, "nik lagunduko dizut" zioen keinu bat egin zidan. Intentzio ona zuela iruditu zitzaidan eta eskertu nion jarrera, baina makinak piiit egin, ateak ireki eta ni pasatu ondoren, zerbaitek nire baitan "benetan zara hauetaz fio?", galdetu zidan. Estazioan zain zegoen gazte bat ikusi eta harengana hurbildu nintzen. "Ei, gauza bat: beituko diazu faborez aber motxilan dakaten oaindik kartera?". "Ba ez, hemen ez daukazu". Esaerak dioen bezala: lagunak nolako, norbera ere halako. Zenbat urte izango dituzte? Hamazazpi? Hamasei? Zerk bultzatu ote ditu umemoko hauek hain kabroiak izatera? Harrera-etxe bateko gazteak omen dira eta, dirudienez, ez dute inor errespetatzen. Monitoreekin ere izaten omen dituzte istiluak. Bronkak. Duela gutxi makarra hauetako bat monitore bati bultzaka ikusi zuten geltokian. Flipatzekoa. Nire mugikortasun-falta dela eta, beti eskatu behar dut laguntza. Gizonak, emakumeak, adingabeak, adinekoak, hemengoak, etorkinak... edonork balio dit eta majo-majo lotuko dut nire aulkira edonor hori. Lotu... ez literalki, noski. Baina norbaitekin elkartuko nauen lazo antzeko bat egiten dut geltokitik irten behar badut. Modu atseginean zuzenduko naiz momentu horretan nire salbatzaile den horri. Eta modu atseginean erreakzionatzen du salbatzaileak beti. Jendea normalean solidarioa da eta jende normal horri esker, nik ere bizitza normala egin dezaket. Hala izan da orain arte eta hala izaten jarraitzea espero dut. Ez dute kinki batzuk nigan besteekiko mesfidantza piztuko. "Ke les den!"