Pankarta bat

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko eka. 27a, 10:16

Edo bi agian. Eta kartelen batzuk. Hortik etorri da xextra. Kontatu beharko dugu aurrenik Algortako gertakaria: O. Enbeita bertsolari txapeldunak kantatu behar zuela eta "Onintza alde hemendik" bota diote bakarren batzuek pankartan edo karteletan, eta O.E.-gatik esan dute dela "inperialismoaren zerbitzaria" eta "posmofeminista". Badago hemen nobedade koxkor bat, eta da, nere gogoenean behintzat, holako gaizkietorririk ez zaiola egin inon bertsolari txapeldun bati; hau da: euskaljatortasun maitagarriaren ikur bati.

"Jazarpen onartezina" izan dela salatu dute O.E.-ren alde atera direnek, eta ez dutela onartzen "pertsonen aurka jotzea". Ez nator bat. Nik ez daukat berez ezer, arrazoizko neurri batean, hitzez jazartzearen eta pertsonen aurka jotzearen kontra, eta kasu honetan ez dut uste arrazoizko neurria izugarri pasa denik. Ni nago ekintzazko jazartzearen eta pertsonak jotzearen kontra, eta Algortan ez da holakorik izan. Eta gaxteenek ez dute seguru asko jakingo, eta esan beharra dago orain holako "jazartzeak" izugarriak iruditzen baldin bazaizkie ere zenbaiti, badirela hemen ezer esan edo egin ez zutenak egunkariak eta irratiak (esaten zutenagatik) itxi eta pertsonak jo eta torturatu zituztenean, eta badirela beste batzuk, askotxo (eta hauek dira orain garrantzizkoenak), ez zutenak ezer esan edo egin kazetariak eta esatariak (esaten zutenagatik) jazarri, mehatxatu edo hil zituztenean. Orduan, ekar ditzagun gauzak bere neurrira eta tamainara, faborez.

Beraz, hitzezko jazarpena eta pertsonaren aurka hitzez eta letraz jotzea da gertatu dena O.E.-rekin, eta gu ez gaude izugarri kontra, zeren guretzat (hitzez eta letraz) ezin uki litekeen pertsonarik ez baitago, nahiz gutarra izan eta nahiz gutarra ez izan. Gertatzen dena da, nere ustez, oraingo honetan ez zegoela arrazoirik horretarako. O.E.-ren bekatua izan da, nonbait, Berria egunkariko bere eguneroko zutabean, iazko urrian, Txo Gebara iraultzaile ikonikoari jazarri zitzaiola hitzez eta pertsona haren baitan zegoen zapaltzaile sexistaren aurka jo zuela letraz. Eta zutabe hori oso ondo idatzia zegoen nere belarrirako, eta gainera hor idatzitako gauza askok ez zuten balio Txo Gebararentzat bakarrik, eta bai Izen Haundi askorentzat edo guztientzat. Entzun O.E.-ren hitzak: "hari buruz ia dena dakigu, baina den-dena ez"; "ez diot haren lanari ezer kendu nahi, baina ez dakizkigun datuek kezkatu egiten naute. Hala ere, ez dakit ezkutatu digutena jakin nahi dudan ala ez"; "gizon handiak ere bizi izan duten garai historikoaren arabera kokatu behar genituzke gure buruetan, liburuetan, anekdotarioetan. Eta jakin badakigu gizonik handienek ere erabili egin dituztela euren kontestu historikoak eskaini dizkien pribilegioak". Gizon haundi ororen baitan dago gizen txar bat, gihar ona adinakoa edo areagokoa. O.E.-k asmatu egin zuen zutabe horretan hori salatzen. Hura atzera irakurri eta berehala etorri zaizkit gogora D. Ortega komandantea eta beste gizon haundi sandinisten zakilkeriak; Einstein supergizonak itzali eta zapaldutako emazte Mileva Marić; Yoyes Katarainen hilketa erabaki zuten "gure mutilen" kutsu misogino garbia ("atxo puta honek nahi duena egingo ote du ba?"), eta bukatuko ez litzatekeen soka bat, geure auzoraino eta geure baitaraino iritsiko litzatekeena.

Ez zegoen arrazoirik inperialista eta posmofeminista irizteko O.E.-ri. Jazartzea eta aurka-jotzea, bidezkoak direlarik (edozeinen kontra eta pertsona bera jo gabe, berez), oraingo honetan arrazoirik gabea zen. Argiago: gehienetan ez bezala, edukia da ontzat jotzen ez dudana neuk, baina bai egiteko modua. Ukiezinik ez dago inor: ez Gebara eta ez Enbeita; ez iraultzaile ikonikorik eta ez bertsolari txapeldunik. Dabilenak eta ari denak jakin egin behar du direnak eta ez direnak entzuten gero.

Jabetzen naiz ez dela gustagarria O.E.-k bizi beharko zuena. Ez ziola kalterik egingo elkartasun eta berotasun pixkatek. Neuk ere ez daukat eragozpenik O.E.-ri nere eutsigoiari eta elkartasuna adierazteko, eta esateko "denok garela O.E." eta abar eta abar, baina kontuan izan beharrekoa da, aldi berean, O.E. ez garela denok edo O.E. ez dela denok bezalakoa edo edozein bezalakoa.

Denok ez gara parlamentuan edo telebistan agertzeko modukoak; denok ez gara ismo jator-errespetagarri batzuek onetsiak izateko modukoak; denok ez gara egunkari nazional batek eguneroko ahotsa emateko modukoak... eta hola. Esan nahi dudana da ez daukala mundu guztiak, izatez eta egitez, elkartasuna eta berotasuna hartzeko eskubide bera edo berdina. Hor ere klaseak daudela, alegia.

Eta, badaezpada diot, ez naiz ni ezer eskatzen ari neuretzat. Aspaldi zaildu ginen maitasun sozialik eta artalde ideologikorik gabe bizitzen.