Itsasoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko aza. 7a, 12:27

Gure arteko zaharrenentzat, itsasoa lanerako tokia zen, gogorra oso. "Itsasoan ura eta zerua, eta konforme ez dena hondora": hori ere entzunak gaude. Bizi guztian itsasoan lanean penatutako askok ez dute kalera irteten Arrantzale-egun eta antzeko folklorekeria urdin-jantziak antzezten diren egunetan. (Ondarrun izan nuen gauza horien berri.)

Gero industria turistikoak eta aisialdikoak bihurtu zuten itsasoa begira egoteko toki bat. Ur-ertzean plisti-plostaka ibiltzeko (eta geroago itsasoko kirolekin bazter guztiak inbaditzeko) aukerarekin, egia da hori, baina funtsean begira egoteko toki bat. Industria horrek lortu zuen jende asko «itsasoari begira» jartzea erabat, eguneroko martxan, jai-egunetan edo ahal zenean, eta itsasoari begira egotea arte ederretako bat bihurtzea kasik. Ikusia dago horrek asko lerdo-geldotzen duela jendea, lehenaz gain, eta beharbada hori zen bilatzen zutena.

Udan kanpoaldera joan beharra jarri zuten derrigorra bezala. (Oharra: "kanpoaldea" deitzen diet itsasertzeko herri eta hiriei, zeren beste guztia "barrualdea" baldin bada, hark kanpoaldea izan beharra baitauka erremedio gabe. Orobat erabiltzen dut "Gipuzkoa axalekoa" edo "Gipuzkoa txoroa", zeren gu, ideologia diariovasquista gizarteratuaren arabera, "Gipuzkoa sakonekoak" baldin bagara, haiek ere zerbait izan beharko baitute, eta sakona ez dena, edo axalekoa edo txoroa baita, edo biak batera.) Orduan, zerbait izan nahi, edo zerbait eman nahi zuenak, eta ahal zuenak, kanpoaldean pasatzen zuen, eta dute, hilabeteren bat, eta gogorapena ekarri beharra dago holako gurasoen umeen sakrifizio edo aspermenarena. Azken aldi honetan bi lekukotasun iritsi zaizkit: bata, Mallabiko neskatxa batena, zeina udan, Ondarrun, amaren herrian, mordoa aspertzen omen baita, zeren Ondarruko lagunak toki batean egoten baitira orduetan (ikusmira dagoen nonbaitetik begira), eta hura geldi-egonean aspertu egiten, Mallabian batetik bestera ibiliaz ez bezala; bestea da azpeitiar heldu batena, uda Zarautzen pasatzen baitzuen umetan eta gaxtetan baina Azpeitira itzultzeko amorratzen beti: gurasoek, kategoria baten jabe egin nahirik, "egon behar zen tokian" egon beharra zeukaten, baina malekoiak ez dira industria turistikoak engainatu gabeko ume batek etsitzeko moduko tokiak. Ni neu itsasozalea naiz oso, baina ez begira egon-zalea, baizik-eta barruan sartu-zalea; hainbesteraino non urte guztian bainatzen direnen sektakoa bainaiz. Ez naiz batere voyeur, eta bai osoki pénétreur. Kanpoaldera bai, baina joan-etorrian: joan, sartu, irten eta etxera.

Itsasoari egindako kantuetan, Aresti/Oskorrirena datorkit aurrena ("Gure ama itsasoa"), eta hor oraindik, komunista/materialista finei zegokien eran, jatekoa hartzen da kontuan, itsasoak emandakoa: "elikatzen gaituzu zure ugatzetan". Delirium Tremens, langilearen larrutik: "egun bat eta beste bat eta beste bat, itsasoa eta zerua ikusten; kresala azalean, haizea aurpegian". Gainerakoan, "postaletako poesia" (turismo-bulegoko postal batean ondo ematen duena) asko kantatu da itsasoaren gainean. G. Knörr: "itsasoari begira zer dezaket desira?" Neuk erantzuten dut: ezer ez, zeren itsasoari begira egonarazteko industriaren helburuetako bat baita jendea ezertarako gogorik gabe uztea. B. Lertxundi kantu izugarri politen egile baina letra gatzbakoek maiz izorratu dutenaren "Itsasoari begira" kantu ezagunean entzun daiteke esaldi bat, inongo postaletan ametituko ez litzatekeena eskasaren eskasez; itsasoaz dio kantuak: "libre ta zabal dugu aurrean, baina ezin dugu edan". Barreari eusten ematen ditu lanak, baina interesgarria da esaldia, zeren erakusten baitu zenbateraino eskastu litekeen itsasoari begira katigatutako espiritutxo bat. Gainerakoan, "azken arnasa" eta "negar-malkoak" dira nagusi kantu horretan, baina ez itotako itsas-langileenak (arrantzaleenak) eta haien lagunenak, badaezpada, baizik-eta auskalozer edo auskalonor sublimehe batenak; hau da: inorenak ere ez.

Hori dena eta beste gauza asko ekarri ditu itsasoa begira egoteko toki preziatuena bihurtu izanak. Preziatuak prezioarekin ere badu zerikusia, eta badakigu hondartza gaineko lehen lerroko etxeen prezioa dela diruaren goseak, itsasoaren egarriak eta beste sasigauza batzuek sortutako mustrokeria latzenetakoa.

Ederki, baina hori dena bukatzera doa, edo bukatuko da inork uste baino lehen, edo esan daiteke, jakin dugunarekin, bukatu dela. Abisua emana gelditu da: itsasoko uraren mailaren igoera eta uholde izugarrien arriskuarekin, bukatu da begiratoki preziatuaren ipuina, eta bukatu dira itsasoari buruzko beste ipuin garaikide guztiak.

Itsasoari begira luzaz egondako letragile koxkorrak ez ziren ohartu itsasoa bera zegoela guri begira, eta galdera zinez poetiko hauxe zela egiten ziguna: "ze negar-malko eta ze azken arnasa?: zuek ze ostiatan ari zarete?" Orain berandutxo bide da. Gainera datorkigu itsasoa.

Edo gainera datorkie itsasoa kanpoalde horietan. Ni neu beldurrez gelditzen naiz ez ote zaigun kanpoaldeko jende eskasena (eta ahaldunena, jakina) honaino urbesteratuko.

Beldurra libre eta zabala da, itsasoa bezala.