Lanerako erremintak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2019ko abe. 12a, 09:20

Zenbaitetan ez da erraza izaten jakiten nondik nora etorritakoak diren hainbat ohitura edo tradizio. Esate baterako, abenduaren 28an Inozenteen eguna ospatzen da, eta egun horretan baimena hartu ohi dugu, urteko gainerako egunetan ez bezala, txantxa inozoak (edo ez hain inozoak) egiteko. Inozenteen istorioa ezaguna dugu, Elizako bidetik etorria: Herodes erregeak Jesus haurra hil nahi zuen eta bi urtez behetiko Belem herriko ume guztiak akabatzeko agindu zuen. Hain garbi ez dagoena da nondik datorren txantxarako baimen hori.

Norbaiti ziria sartu ondoren, esan ohi zen halako burlazko bertso bat:

Inuzente, txakurraren buztana tente, mañana San Bixente.

Horrela inuzenteak bazekien txantxaren sarean eroria zela eulia armiarmarenean erori ohi den modu berean.

Gure artean abenduaren 28an den txantxaren festa hori apirilaren 1ean izan ohi da Iparraldean, eta apirileko arraina deitzen diote; halatsu da, baita ere, Frantzian, Italian eta Europa zein Ameriketako hainbat lekutan.

Aspaldiko ohiturak, ordea, denborak aldatzen edo desagerrarazten ditu askotan, edota, gutxi batzuetan, beharrak guregana ekarri era zaharberrituan. Esaterako, hainbat langintzako langileak elkarren artean gune edo lantegi bateko bulegoak hartu eta elkarrekin lan egitea, gaur egun coworking deitzen den hori. Gauzak partekatzeko hain ezaguna ez den beste era bat ere bazen duela mende erdi bat, gaur bizirik balitz cotoolsing (edo) deitu zatekeena.

Horrela zen kontua. Auzoko norbaitzuk lanerako tresneria edo lan-erremintak behar bazituzten, elkarren artean erosi eta txandaka erabili lanerako. Argibide gisa, txilikutarrok eta Salbide baserrikoek elkarrekin partekatzen genituen goldea eta karramarroa, bi baserrien artean erositako lan-erremintak baitziren. Salbideko Pedro Joxek behar zuenean eskatu eta eramango zuen, eta Txilikuko Jexuxek erabiltzeko asmoa zuenean, berriz itzuli.

Asteburuetan non utzi kontuan izatekoa zen. Behin batean Txilikuko atarian geratu zen gauean, eta goizaldeko ordu txikietan erretira txarrean zihoazen menditar batzuk gaur anbulatorioa dagoen horretan sugatz edo belar-meta baten gainera eraman zuten. Ez zuten lan ederra jarri hura handik jaisten! Aditu izan dut egoera eta garai bertsuetan Azpeitiko beste indartsu talde batek oso ondo aparkaturik ez zegoela iruditu zitzaien automobil bat oholtza edo plataforma batera igo zutela. Alkoholaren indarrak!

Elkarren artean erositako lan-erremintetara itzuliz, gizabidezkoa izaten zen besteari abisu ematea, halako egunetan edo erabiltzeko asmoa, edo, besterik gabe, auzokoarengana joan eta tresna eskatzea. Horregatik, ez ginen gehiegi harritu aitak anaia eta biok Salbidera bidali gintuenean enkargua egitera. Joan ginen bi mutil koskorrak Pedro Joxerengana, eta fede onenez egin genuen eskakizuna.

–Aitak esan digu adarra jotzeko makina emateko.

Pedro Joxe Salbidekoa barrezka hasi zitzaigun, eta berehala sumatu genuen han bazela zerbait.
Barreari eutsi ezinik, Salbidekoaren erantzuna:

–Esan egiozue aitari gaur nik behar dudala, eta eramango diodala bihar.

Etxerako bidean, belarriak apal eta umorea triste, konturatu ginen abenduaren 28a zela, eta inork abestu gabe ere entzuten genuen: inuzente, txakurraren buztana tente…