Bakartu eta urrundu

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2020ko api. 23a, 09:41

Egun hauetan burura datorkit bost urte konplitu aurretik izan nuen bakartze-garaia. 1956. urteko otsaileko hogeita bederatzi egunetan (bisurtea baitzen) sekulako hotza izan zen. Etxetik atera gabeko egunak gogoratzen ditut, bereziak. Haiez hitz egin nezakeen, baina ez da hala izango, gure hizpide guztien jabe egin den eta gainerako guztia estaltzen, isiltzen eta baztertzen digun munstro txikitxo baten tiraniaren menpean bizi baikara. SARS-CoV-2 deitutako tirano ñimiño horrek geure etxe barruko kartzelan konfinatu gaitu, ordubeteko patiorako irteerarik gabe, gainera, eta azkeneko ehun urtetan izan den izurrite handiena piztu du. Ezinezkoa da gaia saihestu eta beste zerbaitez aritzea: koronabirusa da gaia! Koronabirusa bera eta birus horrek sortutako izurriteari aurre egiteko hartu diren neurriak dira, oinarrian, ahotik hortzera darabiltzagun mintzagaiak.

Bakartzearen arrazoiak uler daitezke. Izurria zabaltzearen oinarrian birusaren kutsakortasuna dago (R0 deituriko kutsatze-faktore eragile baten bidez adierazten da: pertsona batek beste zenbat kutsa ditzakeen). Koronabirusaren R0 delakoa handia dela ikusi dute; hau da, izurria azkar zabaltzen dela, eta, gainera, jende askok ez dakiela gaixotu denik (sintoma handirik gabe dago gaixo) eta ingurukoak kutsatzen dituela. Kontua da, kasu askotan gripe bat baino askoz gordinagoa ez den gaitza biriketako gaixotasun larri bilakatzen dela beste batzuengan eta gaixo larri asko pilatu litezkeela (denak batera). Horrelako izurri bati aurre egiteko osasun-egitura super-sendoa beharko litzateke; bestela: ospitaleak gainezka, gaixoak beharrezko arretarik gabe, arrisku handienekoen artean hainbat heriotza saihetsezin…

Egoera horren guztiaren aurrean justifikatzen da bakartzea, bakartze horren bidez kutsakortasuna jaitsi, R0 txikiagotu eta gaixo larriak sendatzeko eta heriotzak hain bat-batekoak ez izateko luzamendua ematen baitu. Izurritea mantsotu egingo da, eta, agian, gaixo gutxixeagorekin gainditzeko itxaropena piztu. Dena dela, ongi ordainduko dugu hori: etxe-barruan kartzelatutako bilakatu gara. Beste behin ere gure Madrileko aitatxo estatu ahalguztidunak erabaki du zer den guri komeni zaiguna, eta big brother anaia zaharra ari zaigu zer egin eta zer pentsatu behar dugun esaten, eta, bide batez, gure barnean dagoen salatari txikia pizten. Zenbat aita espiritual eta komisario politiko iratzarri dituen birusak!
Ikusi ditugu, ohi denez, zenbait listo, besteak baino azkarrago ustetan, gainerakook errespetatzen ditugun arauak hausten, bihurritu zaizkigu barrenak eta bakoitzaren barnean bizi den polizia esnatu da agindutakoa egiten ez duen jendeari kontu hartzeko. Bakarturik egotearen albo-kalteak!

Beharbada, onartu ez duguna da izurritea ez dela amaitu, agian. Ez dakigu bigarren edo hirugarren olatu bat ez ote den iritsiko hasierako honen atzetik. Bakartzearekin lortzen badugu halako kutsatu gabeko jendearen uharteak sortzea gune horietan gizarteko hainbat pertsona babesteko (arrisku gehienekoak babestea egokiena), arreta handiarekin begiratu eta zaindu beharko ditugu babestu horiek, hortik ez baita oraindik birusa pasatu, eta badakigu portaera ezin gaiztoagokoa dela malapartatu halako hori!

Horrek lekarke ezin saihestuko urruntze soziala, eta, gizakiok garen bezalakoak izanik, beldur naiz ez ote diren beste behin ere, gure beldurrek bultzatuta, gure sentimendu ankerrenak berrituko. Burura datorkidan irudia akuilu luzea eskuetan duen norbaitena da: birusa beregandik urruti mantentze-lanetan ari da, baina birusaren ordez hura eraman dezakeen pertsona beregandik urruti mantentzen egoskortuta.