Energia berriztagarriak bai; ez horrela

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2020ko aza. 12a, 10:06

Irailaren 20an Juan del Barrio, Nafarroako Ingurumeneko Kontseiluko kideak idatzitako artikuluak hausnarketa sakona eta eztabaida publikoa eskatzen dituela iruditzen zait, eta hori eragin nahi luke artikulu honek.

"Eguzki-energia bai, baina horrela ez" jarri zion izenburua artikulu hari. Bertan, bere esperientzia kontatzen du, Erreniega mendilerroaren (El Perdon) inguruko gainerako auzotarrei gertatukoaren erakusle delakoan. Hitz gutxitan, eguzki panelak jartzeko enpresa bati bere lurrak alokatu ostean, azpiegitura horren eraikuntzak sortutako kalteek eragin dioten tristura eta pena adierazten ditu. Bere hitzetan, kontratua sinatzerakoan ez zen kontziente eguzki panelak eta horietatik energia transformatzeko eta garraiatzeko azpiegiturek hartuko zuten dimentsioaz, mugituko zuten lur eremuaz eta beharko zuten zimentazio andana eta hormigoi kantitateaz. Ustez, ingurumenaren alde eta etorkizun jasangarri baten mesedetan egindako azpiegiturak bere lurrak betirako antzutu dituela konturatu da. Azpiegitura horiekin lurra galtzen baita, betirako. Horren pena du gizonak, konturatu baita azpiegitura berri hauek inguruko herri txikiak biziberritu ordez, bertako herritarrak alde egitera behartu dituela; jarduera ekonomiko berria ez delako bertako bizimoduarekin, nekazaritzarekin, bateragarria. Hirira joan dira gehienak, bera bezala, Iruñera.

Landa lurren antolaketa gero eta konplexuagoa bihurtzen ari da. Giza presioaren ondorioz, geroz eta interes handiagoak eta ezberdinagoak daude landa lurrak ustiatzeko. Ez gara hirietan kabitzen. Hiriak bizitzeko deserosoak bihurtu ditugu, gero eta behar handiagoa daukagu hirietatik ateratzeko: ez aisialdiaz gozatzeko bakarrik, baita hiri-herrietako bizimodua erosoagoa bihurtzeko edo aktibitate ekonomiko berriak sustatzeko behar ditugun baliabideak eskuratzeko ere. Landa eremuan, eta berdin itsasoan, jarrita dauzkate begiak energia iturri berriak sortu nahian dabiltzan energia enpresak, eta badugu kezkatzeko arrazoirik. Ez baita berria beren ekimena; aspaldi hasi zen gurean, mendien industrializazioa.

Duela gutxi EVE energiaren euskal erakundeko Enrique Monasterio teknikariak "A las puestas de un nuevo modelo energetico" izeneko hitzaldia eman zuen. Luze aritu zen elektrifikazioaz. Haren hitzetan, deskarbonizazioaren bidean (erregai fosilak erabiltzeari utziko omen diogulako laster), energia elektrikoa izango da aterabidea, eta horretan funtsezkoak izango dira energia berriztagarriak. Berrogei minutu luze egin zituen energia sorkuntzarako legediaren aldaketak ekarri dituen onurez, auto-horniketarako ireki diren aukerez, ibilgailu elektrikoetan egin diren berrikuntzez eta energia enpresa handiak egiten ari diren apustuez. Donostia Sustainability Forum 2020 izena daraman ekimenaren barruan emandako hitzaldian, baina, ezer gutxi aipatu zuen sustainabilityedo jasangarritasunari buruz. Hitzaldi osoan ez zituen aipatu ere egin energia berriztagarrien sorkuntzak ingurumenean eragingo dituen kalteak. Ez zuen aztertu, energia sortzeko eta garraiatzeko eraiki den sistema, eta noski, hitzik ere ez lobby energetikoek egun ekonomian eta politikan duten eraginari buruz.

Energia eskuratzeko prozesuak teknologiaren menpekoak dira, eta horregatik, beti izango dute eragina ingurumenean. Izan naturatik ustiatuko elementuak behar direlako, izan ekoizpen prozesuan ingurumena eta bioaniztasuna kaltetzen duten osagaiak eta elementuak sortzen direlako, edo ezinbestez, lurzorua galdu edo ur ekosistemak kutsatzen ditugulako, energiaren sorkuntzak beti eragingo ditu ingurumen kalteak. Honen guztiaren harira, hainbat dira azken urteetan aurkeztu zaizkigun proiektuak, baina bada bat oso gertukoa: 2009an Gipuzkoako Batzar Orokorrek geldi arazi zuten Gazumeko parke eolikoen proiektua. Proiektu harekin Gazumen 110 metroko luzera izango zuten hamabost haize errota jartzea proposatzen zen. Gipuzkoarako pentsatutako parke eolikoak izango zuen ingurumen eragina pentsa ezinezkoa da oraindik ere. Errezilgo, Asteasuko eta Azpeitiko udalek emandako ezezkoak eta herri eragileek egindako borrokak lagundu zuen ekimena gelditzen, garai hartan. 2002. urtean, baina, Josu Jon Imazek sinatutako Energia Eolikoaren Lurraldeko Plan Sektorialean aurreikusitako 29 zentral eolikoen proiektuak, guztiak mendi gainetan, gordeta daude eta ez harritu laster berriro jartzen badituzte mahai gainean.

Energia berriztagarriak behar ditugu, baina ez horrela. Energia tokiko beharren arabera ekoitzi behar da, zentralak eta azpiegitura handiak saihestuz, behar den lekuan jarri behar dira sorgailuak. Ez da ideia berria. Europa iparraldeko herri askotan debekatuta dago mendi gainetan haize errotak jartzea paisaian eta bioaniztasunean duten eraginarengatik; haize errotak bakanduta jartzen dira han eta hemen, ahal dela hiriguneetatik hurbil. Eguzki panelak pilatzeko lehendik dauden eraikinak baliatzen dira: teilatuak, fatxadak, patioak … Energia eredua berritzeak energia sistema bere osotasunean berraztertzea eskatzen du, gure benetako beharrak identifikatzen hasi eta sistemaren logika osoa berrikusteraino. Gure agintariek badute horretarako borondaterik?