Pandemia aitzakia gisa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2020ko aza. 26a, 13:55

Edozertarako aitzakia bihurtu dute pandemia. Lanetik kalera bidaltzeko, lagunekin elkartzea eta senitartekoak bisitatzea debekatzeko, aisialdiko denbora pantaila aurrera kondenatzeko, presoei edota adineko zentroetan daudenei bisitak ukatzeko, kreditu txartelaren erabilera bultzatzeko, bideo-jokoen salmenta igotzeko...

Argi dago politikariek aho batez onartu dituzten neurriek ez dutela pandemiarekin amaitzeko helbururik, ez dira birusa hutsera murrizteko neurriak: kutsatze kurba leuntzea dute helburu. Hau da, egituraz kolapsatuta ditugun ospitaleak ez gehiago kolapsatzeko neurriak dira, eta, beraz, elkarbizitza moduko bat planteatzen digute birusarekin. Hori horrela izanda, zer zentzu du gu sei pertsona baino gehiago ezin elkartzeak, eta lanean edota eskolan pertsona ugari elkartzeak? Zer zentzu du senitarteko bat ezin bisitatzeak, eta lanera bidean jendez betetako autobusean sartzeak? Zer zentzu du etxeratze agindua delakoak edota herritik ezin mugitzeak, birusa leku guztietan badago? Gero eta argiago ikusten da: burgesia ez da pandemia kudeatzen ari, krisi ekonomiko bat baizik.

Krisi ekonomikoa kudeatzen ari dira; hau da, gizartearen eta lan harremanen berrantolaketa baten aurrean gaude. Prozesu horren parte dira, esaterako, ziklo berri honetan produktibitate baxua duten lantegiak ixtea, kaleratze masiboen xantaiapean soldatak jaistea zein lan baldintzak okertzea, salbuespenezko egoeran egon eta etxegabetzeak gauzatzen jarraitzea –ekainean 1.383 etxegabetze, Espainiako estatuan–, elikagai bankuetako ilarak egunero handiagoak izan eta azkenengoei ogi apurrik ez iristea, eta abar luze bat. Fenomeno horiek lehenago ere baziren arren, orain biziagotu egin direla ikusten da. Pandemia aitzakia perfektu bilakatu da beste egoera batean hain erraz egingo ez liratekeen aldaketa ekonomikoak eta sozialak egiteko. Pandemia aitzakia perfektu bilakatu da langileriaren desjabetzea bake sozialaren pean gauzatzeko, zapalduok zapalkuntza onartzeko.

Alderdi politiko instituzional guztiek babestu dituzten neurri horiek totalitarioak eta oinarri sanitariorik gabekoak direla begi bistakoa da. Egoera honetan, ezin gara horien konplize bihurtu, neurri horiek onartzeak ondorio politiko eta kultural handiak izango lituzkeelako. Sortu alderdiaren kontraesanak ere nabarmenak dira: ezin dira, kalean, osasun publikoan inbertsioak eskatzeko mobilizazioak egin, eta, une berean, indar polizialen gaitasunak areagotzera bideratuko diren eta baliabide sanitarioak bigarren planoan utziko dituzten aurrekontuak onartu. Nola ulertu langileria guztiari gerrikoa estutzeko ahalegina egiteko eskatzen ari diren horiek gero beraien errepresio indarrei soldatak hilean, gutxienez, 424 euro igotzea? Nola ulertu kontrol sozialerako aplikazio berrietan milioika euro xahutzea, ospitaleetan aztarnarien, atzemate frogen edota isolatze eraginkorrerako azpiegituren eskasian gaudenean? Nola ulertu hori guztia, kolapsoa ekiditeko aitzakiapean, biztanleria guztia betebeharrez gainezka eta, aldi berean, eskubiderik gabe utzi dutenean? Pandemia batzuen lotsa eta traizioak estaltzeko aitzakia perfektu bilakatu da.

Birusak klase sozialak ez zituela bereizten zioten salbuespenezko neurriak ezarri zituztenek. Hala ere, herritar xeheok ezin gara beste herri bateko etxegabetzea eragoztera gerturatu; eta polizia, aldiz, mugitu daiteke etxegabetze hori gauzatzera. Militanteok ezin dugu alboko herrikoekin bildu edota alboko herriko protestetara gerturatu, baina ministroak palazioetako bileretara eta festa pribatuetara joaten dira. Langile xumeok jardun politiko guztia eten behar dugu, baina beraiek ez. Pandemia antolakuntza politikoa ukatzeko aitzakia perfektu bilakatu da.