Festak eta erasoak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko uzt. 21a, 11:21
Jendetza Azpeitiko plazan, 2019ko San Inazio jaietako txupinazoan. (Julene Frantzesena)

Festekin batera, herriz herri, hainbat eraso salatu dituzte azken hilabeteetan, Beasaingo eta Iruñeko bortxaketetatik hasi eta ohiko bihurtu diren ukitu eta jazarpenetaraino. Salatu ez diren beste hainbeste erasorekin batera, noski. Emakumeok babesgabe gaude indarkeria horren guztiaren bueltan, urrun baitago eraso eta jazarpen horien amaiera. Gainera, eraso horiek bultzatzen dutena emakume langileok bigarren mailako subjektu bilakatzea da, ekonomikoki, kulturalki eta politikoki ahuldua den subjektua geroz eta zaurgarriago bilakatuz. Horren aurrean, ezin gara geldirik geratu.

Azken gertaerekin, gainera, garrantzitsua da indarkeria matxistak gaur egun hartzen dituen forma ezberdinak aztertzea. Hor daude, adibidez, Ipar Euskal Herrian salatu dituzten eta jada Hegoaldean ere ikusten ari garen ziztaden kasuak. Sanferminetan, zortzi emakumek salatu dute ziztada bidezko erasoak jasan dituztela. Emakume horiek orratz edo xiringa baten ziztada sumatu zuten festa giroan, eta horren ondoren hasi ziren zorabioak eta konortea galtzeko sentipena. Nahiz eta ezin izan duten jakin zein den ziztada bidez sartu duten substantzia, estasi likidoa izan daitekeela susmatzen dute (bortxatzaileen droga modura ezaguna). Horren aurrean garrantzitsua da egoera horiek salatzea eta aurre egiteko bitartekoak garatzen joatea, eraso mota horiek ez daitezen normalizatu.

Gazteen artean ere ugaritzen ari dira eraso mota berriak. Aipatzekoa da talde bortxaketen kasua, 2016tik 2019ra laukoiztu egin baitziren. Komunikabideetako morboaren eta pornografiaren bitartez lortzen den indarkeriaren normalizazioa izan daitezke egoera horien sustatzaile. Bestalde, sare sozialen erabilera eta horien bidez gauzatzen diren erasoen igoera ere kezkagarriak dira, nabarmen igotzen ari direlako plataforma digitalen bidezko eraso eta jazarpen mota ezberdinak.

Baina nahikoak al dira gaur egun planteatzen diren neurriak indarkeria matxistari aurre egiteko? Argi dago ezetz, eta horren adierazle da indarkeria matxistak gaur egun duen presentzia kezkagarria. Jakina da gaur egun erakundeek planteatzen dituzten proposamenek muga bat dutela, hezkuntza bidez soilik nekez alda baitaiteke emakumeon egoera. Morez margotzen dituzte askotariko erakundeak eta alderdi zein eragile oro aterako da kalera indarkeria matxistaren aurka, baina, funtsean, aurpegi zuriketarako bide bihurtzen da hori. EHU da horren adibide, indarkeria matxistaren aurka morez betetzen ditu unibertsitateak eta ikasgai ugari sortu auzi hori lantzeko, baina beren irakasleek eraso matxistak gauzatzean, beti erantzun berbera: ezer ez egitea.

Horrela, badirudi inoiz baino jende gehiago dagoela berdintasunaren alde, baina era berean, erasoek bere horretan jarraitzen dute. Ezin dugu pentsatu indarkeria matxista hezkuntzaren bitartez soilik alda dezakegunik, ezta forma kulturalean gaindi daitekeenik ere. Soldata txarrak, etxeko lanen lan karga eta sozialki isolatzea, politikoki oraindik ere subjektu ez gai gisa sozializatzea edota indarkeria matxista forma ezberdinak jasatea gure zapalkuntzaren ondorio dira, eta horiek guztiak modu bateratuan ulertu eta borrokatu behar ditugu. Emakume langilea bigarren mailako subjektu izateak funtzio garrantzitsuak betetzen ditu sistema kapitalistan, besteak beste, lan indar merkea lortzea edota langile klasearen barruan erasoak eta zatiketak gauzatzea. Beraz, zapalkuntza estruktural hori gainditzeko beharrezkoa dugu gaur egungo sistema biolentoa gainditzea. Bide horretan, ordea, egunez egun gertatzen diren erasoen aurrean antolatu eta borrokatzea dagokigu, indarkeria matxista orori aurre egiteko bitartekoak sortuz.