Zabor poltsarekin pasieran

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga 2022ko uzt. 28a, 09:00

Azpeitiko aurtengo inauterietan, zabor ugari pilatu zen plazan. (Ihintza Elustondo)

Duela egun batzuk Pirinioetako herrixka bateko kanpinean egun batzuk pasa ditugu. Ibilaldi paregabeak, egin dituen beroak freskatzeko erreka txoko ederrak eta zerbait hartu ahal izateko tabernak eta jatetxeak gertu. Zer eska daiteke gehiago? Beti bezala, zaborra banatzen jarraitu ohi dut oporretan ere. Plastikoa, hainbeste sortzen duguna, azkar pilatzen da, eta poltsa itxita plastikoa botatzeko edukiontziaren bila hasi nintzen hirugarren egunerako. Normalean kanpinaren sarreran egoten dira edukiontziak, eta topatu ezinean ibili ondoren, harrerakoari galdetu nion ea non zuten zaborren banaketa egiten zen tokia. Ez zutela halakorik, baina «lasai egoteko» eta botatzeko nire zabor poltsa hondakin guztiak batera pilatzen dituzten edukiontzi grisera. Herrian nonbait ikusi nituela iruditu zitzaidanez eta euskalduna naizenez, hau da, egoskogor xamarra, han hasi nintzen zabor poltsarekin pasieran. Hamar bat minuturen ondoren, topatu nituen hainbat edukiontzi herriko aparkaleku handienean, eta haietako batera bota nuen nire zorroa. Horren ostean, herriko hainbat bazterretan edukiontzirik ba al zen begira ibili nintzen kuriositatez, eta ez, beste inon ez zegoen edukiontzirik.

Zoritxarrez, leku batzuetan oraindik ere normala da hori gertatzea; zabor guztia batera nahastuta botatzea, alegia. Hainbat dira birziklatu beharra defendatzeko argudioak. Batetik, birziklagarriak direnak (plastikoa, papera, beira...) lurperatzean, baliabideak alferrik galtzen ari gara. Bestetik, lurperatzeko lekuak gero eta gutxiago ditugu, eta zabortegiak kontrol handia behar duten eremuak dira, sortzen diren gasak eta lixibiatuak direla eta. Gainera, birziklatu beharrean, hondakinak erretzean, gas oso toxikoak askatzen dira. Era berean, birziklatzea ekonomikoki bideragarria bihur daiteke, azpiegitura eraginkorra eta birziklatzen den bolumena handia baldin badira. Beste argudio batzuk ere asmatuko genituzke birziklatzea zalantzarik gabe defenditzeko, baina itxuraz, oraindik ere leku askotan arrazoi horiek ez dira nahikoak. Pirinioetako herri horretan ez bezala, gure herrietan edukiontzi asko ditugu kalean, eta egoskorkeriarik ez da behar birziklatzeko. Kontrakoa: egoskorra izan behar du batek ez birziklatzeko!

Atzerritarren artean, ordea, ez birziklatzea ez da onargarria. Nire kanpineko esperientziara bueltatuz, ni bezala, poltsa hartu eta noraezean ikusi nituen gero hainbat pertsona. Hamarretik bederatzi atzerritarrak; hamargarrena ni... Harrerakoak ingeles motelean «lasai egoteko» esandakoan ere, ulertu ezinaren keinua egin eta ingurura begira jartzen ziren denak. Gaur egun birziklatzearekin dugu Europako beste herrialde askorekin aldea, baina garai batean zaborra kalean botatzea zen deigarri. Duela 25 bat urte, Cadizera joan ginen batean, gogoratzen dut bi aldiz izan nuela elkarrizketa bera, lehenengoa bikote ingeles batekin eta bigarrena aleman batekin. Bi kasuetan harrituta zeuden zaborra edonon topatzen zutela eta; bide bazterretan asko, autoetatik zuzenean botata. Lotsatu egin behar eta baietz, ez zegoela oraindik zaborraren kudeaketarako kulturarik, baina egoera aldatzen ari zela. Eta egia da hori, aldatzen ari da eta gero eta gehiago birziklatzen da; gero zabor gutxiago botatzen da kalean. Ikusi, ordea, honako lotura honetan non dagoen Espainiaren birziklatze tasa Europako herrialdeen artean: https://www.eea.europa.eu/ims/waste-recycling-in-europe. Lotsagarria...

Zaborra egunero kudeatu behar da, baina egun batzuetan nabarmen galtzen dugu birziklatzeko joera: festetan. Batzuek gazteak jarriko dituzte zabor pilaketaren errudunaren aulkian. Neurri batean egia da hori, birziklatzea ez delako guay-a eta errebelde izateko beste aukera bat ematen duelako gozokien estalkiak lurrera botatzeak. Baina birziklatzea nahi duenari ere kontuak asko konplikatzen zaizkio festetan. Saninazioak ari gara ospatzen Azpeitian orain, eta kaleak eta tabernak jendez gainezka daude. Edalontziek eta bestelako zaborrak lurra estaltzen dute egunero animazioa dagoen kaleetan. Baina zenbat zabor ontzi gehiago jarri dira festetarako? Nik dakidala, batere ez. Ea zein den plazaren erdian kuadrilla utzi eta birziklatzeko edukiontziaren bila hasten den ausarta. Bueltakoan lagunak leku berean topatzeko esperantza duena inuzente galanta delakoan nago, eta, han badaude berriz, zaborra botatzera potea duena joan dela apustu! Komunak bai, horiek ugari jarri dituzte bazter guztietan, eta eskertzekoa da, gainera, baina zabor edukiontziekin ere antzeko esfortzua egin beharko litzateke festak antolatzen direnean. Nahi ez duenak ez du birziklatuko edo zaborrontzira botako edalontzia, baina nahi duenari erraztu, mesedez, lana, pasiera arraro horiek ez ditut gogoko eta...