Ezkiak eta hirigintza Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko urr. 20a, 13:38

Iskanbila eragin du Zarauzko Nafarroa Etorbidean 58 ezki mozteko udalak jakinarazitako oharrak. Tiloak izeneko plataforma sortu dute zuhaitz horiek babesteko. Udalbatzarreraino eraman zuten ezkiak daudenetan uzteko eskaera, aterabideak ere proposatu zituztelarik.

Ez da gai erraza, gaizki hasitakoak zaila izaten baitu ondo bukatzen. Ezki horien sustraiekin batera hiriko hoditeria zabaltzen da, eta Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, ur-hoditeriak berritzeko premia larria dauka. Obra horiek dira ezkiak moztu nahi izateko arrazoia: lehen takadan 50 pasa eta aurrerago, irudikatutako bi faseak garatuz gero, pare bat ziento.

"Gaizki hasitakoa" zer den galdetzera iritsiko zen akaso, irakurleren bat. Hain justu, hoditeriaren gainean, hiribidea edertzeko aukeratutako zuhaitz espezieen aukeraketa da hasiera txarra. Zuhaitz horiek landatu zirenean, horien hazkuntzan pentsatu behar zen. Zuhaitz horiek sartu zituztenek jakin behar zuten ezkiak zenbat eta nola hazten diren eta, hori baino garrantzitsuagoa dena, zenbat urtetan iraun dezaketen. Gizakiaren obra eta materialak, ezkiak bezalako zuhaitzen bizi-iraupenarekin alderatuta, ahuntzaren gauerdiko eztula dira.

Orain, zuhaitz horiek landatu zirenetik mende erdi geroago, ondare naturalaren kontsiderazioa eta tamainako balio ekonomikoa aitortu beharko litzaiekeenean, enbarazu egiten dutela eta arrisku-iturri bihurtu dira, antza. Hala esan du Zarauzko Udalak, berriki, Landaberri irrati saioan, udaleko lorezaintzako arduraduna den zinegotziaren ahotik.

Aspaldikoa bezain okerra den hirigintza eredu jakina erakusten dute zinegotziaren hitzek. Kotxearen segurtasuna eta argiteria edota seinalitika bezalako elementuak lehenesten dituen hiri ereduaz mintzo zen; gauza guztien oro, haiek dira salbatu beharrekoak, haren ustez.

Tiloak plataformak bezala, Arkamurka natura elkarteak hodi berriak lekuz aldatu eta N634 errepidearen azpitik pasatzeko proposatutako ideiaren aurrean, zinegotziak aipatu zuen Foru Arauak eta Plan Espezialak debekatzen dutela hori; erregistro-tapak errepidean egonda, edozein matxura edota bestelako zainketa lanek, errepidea moztu lezaketelako.

Hori horrela, galdera da zergatik Zarautzek ez duen ganorazko saihesbiderik N-634 errepide nagusia herriratzeko. Zarauztarrok betidanik egin dugun galdera da zergatik ez den baliatu A8 autobidea behar bezalako saihesbidea egin eta herri barruko trafikoa arintzeaz gain, oinezko eta bizikletentzako lekua irabazteko.

Administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren faltagatik dela entzun izan da: batzuen eta besteen interesen arteko talkarengatik. Baina, nahi dutenean badakite elkarrekin lana egiten. Getarian, urtetan, atzeko hondartzaren parean eraiki zituzten etxebizitzen promozioa egiteko, «Munduko igerilekurik handiena duten etxeak» idatzita zegoen horma-irudia irakurri genuen. Eta ez zen erabateko gezurra: etxe horiek hondartzarekin lotzeko N-634 errepide nagusi horri tunela egin zioten azpian. Tunel horren mantenu-lanek ez dute inor kezkatzen, antza.

Ezkiak moztu beharrik ez izateko beste aukera bat, hodiak berritzeko obrentzat ireki beharreko zuloa sustraiekin bateragarria egitea da. Udalak enpresa bati eskatutako txosten teknikoak esaten du, Gipuzkoako Urak enpresak aurkeztu duen planean proposatutako zuloaren tamainak eta lekuak sustraiak kaltetuko lituzkeela, bai ala bai. Zulo horren dimentsioa eta posizioa alda ezinak badira, ez zegoen zertan 18.000 euro gastatu txosten hori egiteko.

Hortik aurrera, zinegotziak irratian aipatutako arrazoiak aitzakiak dira. Ezkiek argiztapenean eta herriko seinaleen ikusgarritasunean eragiten omen dute. Errepide horrek galbide gutxi du eta segurtasunari buruzko inolako lanetan ez da jaso puntu ilunak daudenik edo arriskuko lekua denik. Ezkien azpian kotxeak zikintzen direla entzuteak, berriz, barregura eta tristura, biak batera eragiten ditu.

Bukatzeko, ezkien ordez udareondo ornamentalak sartu nahi dituztela esan zuen zinegotziak: adaburu piramidala izateaz gain, udaberrian hostoak goiz irteten zaizkielako eta udazkenean berandu galdu. Kanpoko landareetan arreta jarri beharrean, baditugu bertako hainbat zuhaixka baldintza horiek betetzen dituztenak; buru piramidalik ez badute ere, garai eta mota ezberdineko loraldiak eskainiko lizkiguketenak. Zer lehenetsi behar dugu, argiztapena eta seinalitika edo biodibertsitatea? Zergatik ez dena bateragarria egin?

Irratsaioan Tiloak plataformako ordezkariak aipatu zuen, ezkiek zarataren eta beroaren murrizketa, itzala edota osasun fisikoa eta mentala bermatzen dituztela, zementuari protagonismoa kenduz. Hara, nola bizi duten herritarrek eta udalak hirigintza!