Martxan da Urola Kostako Hitzaren atari berria

Erredakzioa 2022ko aza. 14a, 18:05
Urola Kostako Hitzaren webgune berria ordenagailu batean.

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) gainerako hedabideen webguneen itxura bera du atari berrituak. Euskal Herriko euskarazko tokiko hedabide gehientsuenen gisan, Tokikomek sortutako plataformara batuko da Urola Kostako Hitzaren webgunea.

Urola Kostako Hitzak webgune berria du gaurtik aurrera. Berrikuntzaz betetako webgunea izango du, beraz, hedabideak aurrerantzean. Izan ere, Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) gainerako hedabideen webguneen itxura eta forma bera izango ditu atari digitalak.

Euskal Herriko euskarazko tokiko hedabide gehientsuenen gisan, Tokikomek sortutako plataformara batu da Urola Kostako Hitzaren webgunea. Erabateko itxuraldaketaz haratago, irakurleentzat erabilerrazago da ataria. Halaber, sareko joerei erantzun ahal izateko eta irakurleei ahalik eta baliabide onenak eskaintzeko helburuz berritu du webgunea UKTk. Dena den, Urola Kostako Hitzaren funtsak berbera izaten jarraituko du: herritarrei Urola Kosta eskualdeko kontuen berri ematen jarraitzea, euskara hutsean eta zuzentasunez nahiz zehaztasunez.

2019ko ekainetik Urolako Komunikazio Taldea (UKT) irabazi asmorik gabeko kooperatibako kide da Urola Kostako Hitza. Urola Erdiko eta Urola Kostako euskarazko hedabideak egitura bakarrean antolatuta daude, indarrak batzeko eta eskualdeko herritarrei ahalik eta informazio eta komunikazio zerbitzu onena euskaraz eskaintzeko. Kooperatibako kide dira Karkara (Orio-Aia), Baleike (Zumaia), Uztarria (Azpeitia), Maxixatzen (Azkoitia), Zarauzko Hitza (Zarautz), Urola Kostako Hitza (eskualde osoa) eta Erlo Telebista (eskualde osoa), eta komunikazio talde multimedia sortzeak emandako indarrak ahalbidetu du Urola Kostako Hitzaren webgunea berritzea.

Gainera, hedabide horiek guztiek elkarrekin, GUKA marka sortu dute produktu berriak plazaratzeko, eta horren emaitza dira, adibidez, aldizkariekin batera banatzen den GUKA gehigarria eta Erlo Telebistan nahiz tokiko webguneetan ikus daitekeen GUKA magazina.