Tokiko energia komunitateak eratuko dituzte Aizarnazabalen eta Beizaman

Anartz Izagirre 2022ko aza. 21a, 15:43
Plaka fotovoltaikoen irudibat. (Pixabay)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2,8 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko 5.000 biztanletik beherako herrietan tokiko energia komunitate berriak ezartzeko, eta horien artean daude Aizarnazabal eta Beizama. Udazken honetan eratuko dituzte komunitate horiek, eta datorren udan izango dira martxan.

Edinorren TEK eredua duen tokiko energia komunitate bana izango da hemendik aurrera Aizarnazabalen eta Beizaman. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak 2,8 milioi euro bideratuko ditu tokiko 22 energia komunitate berri eratzeko, eta lurraldeko 5.000 biztanletik beherako hogei udalerritan sortuko dira horiek; tartean, Aizarnazabal eta Beizama daude. Edinorrek eta Viuda de Sainzek osatutako ABEEak irabazi du tokiko energia komunitate horiek sortzeko Aldundiak ateratako lehiaketa, eta trantsizio energetikoa sustatzeko helburua izango du proiektuak.

Guztira, 47 instalazio fotovoltaiko izango dira, eta 1,1 MW sortuko dituzte horiek; 2.000 etxebizitzari baino gehiagori eta denda txikiei energia emango diete. Aurreikuspenen arabera, udazkenean sortuko dituzte 22 energia komunitateak, eta neguko hilabeteetan jarriko dituzte instalazioak. Tokiko energia komunitate horiek datorren udan izango dira martxan.

Komunitate berri horiek Edinorren TEK eredua izango dute. Enpresako arduradunek zehaztu dutenez, eredu horrek "energia berriztagarrien autokontsumo partekatua" du oinarrian, eta ekimenean parte hartuko duten herrietako udalek utzitako eraikinetan jarriko dituzte instalazio fotovoltaikoak. Instalazio horietatik mila metrora dauden auzotarrek nahiz merkatariek izango dute TEKen bazkide izateko aukera, eta "abantaila guztiak" jasoko dituzte horiek enpresaren esanetan, hala nola zero kilometroko energia, %100 berriztagarria den energia eta elektrizitate fakturan %25eko murrizketa.

Bestalde, Edinorrek zehaztu duenez, tokiko energia komunitate horiekin elkartzen diren etxebizitzetako eta saltokietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko instalazio horiek jartzeko, Aldundiaren eta hogei herrietako udalen lankidetzari esker. Beraz, doan izango dute erabiltzaileek herriko eraikin publikoetako estalkietan jarritako eguzki plakek sortuko duten energia. Energiaren Euskal Erakundearen laguntza eta Europako Batasunaren Next Generation funtsak ere erabiliko dituzte finantzaketarako.

"Tokiko energiarantz aldaketa"

Edinorreko kideek adierazi dutenez, TEK ereduak "energia trantsiziorako prozesua" bultzatzen du, deskarbonizazioan oinarrituta. Diotenez, eredu berri horren helburua "belaunaldi fosilean oinarritutako energiatik deszentralizaziorantz eta tokiko energiarantz aldaketa progresibo batera igarotzea" da. Horrela, "murriztu" egiten dira "ingurumen inpaktua eta energia hori ekoizten den zentro handietatik garraiatzeko beharrak eragindako eraginkortasun galera". Aldi berean, azaldu dute kontsumitzaileei "protagonismo handiagoa" ematen zaiela energiaren ekoizpenean, eskurapenean nahiz kontsumoan.

Bestalde, azpimarratu dute bizilagunek elektrizitate fakturan "aurreztu" egingo dutela TEKen bidez, eta bertatik kontsumitzen den energia plaketatik deskontatuko dela. Gehitu dute "autonomia energetiko handiagoa" dutela erabiltzaileek: "Plakak beren etxebizitzetan bertan instalatuko dituzte, baina instalazio gehigarririk behar ez den abantailarekin. %100 berriztagarria den energia kontsumituko dute, eta, beraz, atmosferara CO2 isuriak saihestuko dira. Hori guztia etxean instalazio gehigarririk egin beharrik gabe eta hornidura elektrikoa bermatuta".