Azkoitiko eta Zarauzko ikasleen lanak saritu dituzte 'Ekonomia zirkularra modelatuz' eskulturen erakusketan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 18:58
'Ekonomia zirkularra modelatuz' erakusketan saritutako Lanbide Heziketako ikasleak, irakasleak eta Aldundiko ordezkariak, gaur Donostian. (GFA)

Izarraitz Lanbide Heziketaren Basamortu metalikoruntz eta Oteiza Lizeo Politeknikoaren Azken tanta arte zukutuz dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamenduak antolatutako eskultura erakusketan saritu dituztenak. Gaur banatu dituzte sariak, Donostian.

Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketaren Basamortu metalikoruntz eta Oteiza Lizeo Politeknikoaren Azken tanta arte zukutuz izeneko lanak saritu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamenduak antolatutako Ekonomia zirkularra modelatuz eskulturen erakusketan. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, laugarrenez antolatu du Aldundiak erakusketa hori. Ekonomia zirkularra sustatuz, lanbide heziketako ikasleek hondakinak prebenitzeko eta horiek behar bezala kudeatzeko egiten dituzten jarduerak islatu nahi izan ditu erakundeak erakusketarekin. Hain zuzen, helburua da lanbide heziketako ikasleak ekonomia zirkularraren filosofiaz sentsibilizatzea eta hura ezagutaraztea. Hain zuzen, hondakinek produktu berriak egiteko baliabide eta lehengai gisa duten balioa azpimarratu dute.

Erakusketara aurkeztu diren ikastetxeetako ikasleek, irakasleen laguntzarekin, material birziklatuekin osatutako eskulturak egin dituzte, aurrez horien inguruan hausnartuta eta diseinua landuta. Basamortu metalikoruntz lanaren bitartez, Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek adierazi nahi izan dute Amalurrak dituen gai guztiak "xahutzen" ari dela gizakia, eta erremediorik ezean, "basamortu metalikoruntz" joango dela lurra. Besteak beste, klima aldaketa eta pandemia garaian naturak hartu zuen lekua nabarmendu nahi izan dituzte proiektuan. Azken tanta arte zukutuz proiektuarekin, berriz, Oteiza Lizeo Politeknikokoek material bakoitzari erabilpen bat baino gehiago ematea dagoela nabarmendu nahi izan dute.

Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Okendo plazako GK Recyling karpan –han jarri dituzte lanak ikusgai–, eta han izan da Jose Ignacio Asensio Aldundiko Ingurumen diputatua. Aurten, hamabi ikastetxek parte hartu dute erakusketan, eta horiei diplomak eta sariak banatu dizkiete, tartean eskualdeko ikasleei. “Garrantzitsua da ekonomia zirkularraren ikuspegia txertatzea gure gazteen hezkuntzan, jasangarritasun politiketan lurraldearen etorkizuneko talentuak formatzeko eta etorkizuneko erronken inguruko kontzientzia nahiz sentsibilizazioa sortzeko”, nabarmendu du Asensiok.

Ekonomia zirkularra Ingurumen Departamentuaren “helburu estrategikoetako bat” dela adierazi du diputatuak, “hondakinak murrizteko” eta horiek lehengai gisa erabiliko dituen “sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko”. Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun, 6.500 lanpostu sortzen ditu sektore horrek Gipuzkoan, eta 1.425 milioi euro fakturatzen ditu —Gipuzkoako BPGaren %5,3—. Halaber, 650 milioi euro baino gehiagoko eragin zuzena du Gipuzkoako ekonomian.