Azaroak 25

Indarkeria matxista kasuak eskualdean

Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 08:14

Iaz 69 kasu artatu zituzten udal gizarte zerbitzuetan; aurten, berriz, 101 kasu izan dira. Goizean eta arratsaldean hainbat mobilizazio izango dira Urola Kostako herrietan

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, hedabide honek eskualdeko herriz herriko datuen bilketa egin du. Gaur, hainbat mobilizazio izango dira Urola Kostan: Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzeak egingo dituzte goizean; eta arratsaldean mobilizazioak izango dira Aian, Aizarnazabalen, Azkotian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.

Aia

Aiako Gizarte Zerbitzuetan indarkeria matxista jasandako emakume bat artatu dute aurten. 20 urte baino gutxiago ditu emakumeak, indarkeria sexuala jasan eta salaketa jarri du.

Aizarnazabal

Gizarte Zerbitzuetan ez dute indarkeria kasurik artatu aurten. Iaz, berriz, bat izan zen. 

Azkoitia

Azkoitiko Gizarte Zerbitzuetan hamasei emakume artatu dituzte azarora bitartean, iaz baino bat gehiago. Bostek 31 eta 45 urte artean dituzte; lauk, 18 eta 30 urte artean; beste lauk, 46 eta 59 urte artean; eta gainontzeko hirurak 60 urtetik gorakoak dira.

Hamasei emakumeetatik bostek jarri dute salaketa, eta horiei guztiei babes neurriak ezarri dizkiete; gainontzeko 11 emakumeek ez dute salatu. 

Udalaren arabera, emakumeen erdiek bere kabuz jo dute Gizarte Zerbitzuetara; hiru Ertzaintzak bideratuta artatu ditu udalak; eta beste botak beste bide batzuetatik detektatu ditu udalak, hala nola mugimendu feministatik eta familiako kideengandik.

Azpeitia


Azpeitiko Gizarte Zerbitzuek hamahiru indarkeria kasu artatu dituzte aurten, iaz baino bi gutxiago. Horietatik bostek indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso dituzte, beste bostek psikologikoa, bik fisikoa eta batek sexuala. Bostek bikotekidearengandik jaso dute, batek aurreko bikotekidearengandik, lauk senarrarengandik, batek senarrarengandik eta haren familiarengandik, batek lagun-bikotekidearengandik eta batek pertsona ezezagun batengandik.

Hamahirutik zazpik erasotzailearen aurkako salaketa jarri dute –horietako bat ofizioz jarritakoa izan da–, eta beste seik ez dute salaketarik jarri. Adinari dagokionez, 20 urte ditu Gizarte Zerbitzuetara jo duen pertsonarik gazteenak, eta 56 zaharrenak. Jatorriz, berriz, Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritar horietatik bost euskal herritarrak dira, eta zortzi, atzerritarrak.

Beizama


Iaz bezala, aurten ere Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatera inork ez du jo indarkeria matxistaren berri ematera.

Errezil


Saiaz gizarte zerbitzuetan indarkeria matxista jasan duen kasu baten berri izan dute aurtengoan. Iaz ere kasu bat artatu zuten.

Getaria


Gizarte Zerbitzuetan ez dute kasu bat bera ere artatu, baina Ertzaintzak guztira zazpi kasu zenbatu ditu Getarian. Iaz, Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxista kasu baten berri izan zuten.

Orio


Orion, 2021eko azarotik 2022ko azarora, hamasei kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek. 2020an hamabi kasu izan ziren, eta 2021ean, sei.

Zarautz


2022ko urtarriletik ekainaren bukaera, 32 kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek Zarautzen: hamabost kasutan tratu txar psikologikoak jasan dituzte biktimek; beste hamabostetan tratu txar fisikoak eta psikologikoak,  eta bi kasutan indarkeria sexuala. 2020an 28 kasu artatu zituzten, eta iaz, hamalau.

Zestoa


Zestoako Gizarte Zerbitzuetan lau indarkeria matxista kasu artatu dituzte, iaz baino bi gehiago. Bi indarkeria psikologikoari dagozkionak, eta bana indarkeria psikologikoari nahiz fisikoari eta familia barneko indarkeriari dagozkionak. Lau kasuetan salaketa jarri dute biktimek. Biktimetako bat 25 eta 35 urte artekoa da, beste bat 45 eta 60 urte artekoa, eta bi dira 35 eta 45 urte artekoak.

Zumaia


11 kasuren berri izan dute Gizarte Zerbitzuek 2022an, eta horietatik bederatzi artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek, aurreko urtean baino hiru gehiago. Bi kasutan, seme-alabak ere izan dira tartean, eta horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzen jo ditu udalak. 

Biktimek 9 eta 74 urte artean dituzte.