Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarea sortu dute, eta hilaren 17an aurkeztuko dute Azpeitian

Anartz Izagirre 2022ko abe. 12a, 08:15
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eskainitako hitzaldi baten irudia. (Kontseilu Sozialista)

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak lan esparruko aholkularitza juridikoa jarri zuen martxan joan zen urtean, eta "bertatik ateratako irakaspenetatik" abiatuta, Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) sortu dute orain. Hilaren 17an aurkeztuko dute sarea jendaurrean, 11:00etan, Azpeitiko Baigera aretoan.

Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) sortu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, eta datorren abenduaren 17an, larunbata, aurkezteko dute jendaurrean; 11:00etan izango da aurkezpen hitzaldia, Azpeitiko Baigera aretoan. Kontseilu Sozialistak joan zen urtean lan esparruko aholkularitza juridikoa jarri zuen martxan, eta adierazi dutenez, "bertatik ateratako irakaspenetatik" sortu da LAS, "autodefentsa sozialista" antolatzeko asmoz: "Beharrezkoa ikusten dugu nagusien inpunitatearekin amaitzeko langileriaren defentsa eraginkorra bermatuko duten instituzio independenteak sortzea, Estatu Sozialistaren eraikuntzaren alde indarrak metatuz. Izan ere, soilik hori da guztiontzako kalitatezko lan baldintza berdinak izateko berme bakarra".

Estatu Sozialista eraikitzearen beharra azpimarratu du Kontseilu Sozialistak oharrean, "guztiontzako kalitatezko lan-baldintza berdinen alde" egiteko: "Egun bizi dugun krisi kapitalistan gogor kolpatuak izaten ari gara bizitzaren esparru guztietan. Batetik, energia krisia, enpleguaren suntsiketa, eros-ahalmenaren beherakada, soldaten izozteak eta jaitsierak, lan-baldintzen okertzeak, zerbitzuen kalitatearen beherakada… Bestetik, errepresio kasuak, eskubide politikoen eta sozialen murrizketa… Horren aurrean instituzio publikoetatik langileriarentzat irtenbide moduan proposatzen diren politikak pobrezia kudeatzea soilik helburu duten propaganda hutsa dira. Zer esanik ez kontentzio politika horien emaitza: langile klasea otzantzea".

Bestalde, jakinarazi dute lan esparrua ez dagoela "burgesiaren ofentsibatik salbu", eta horren adibide moduan jarri dituzte, esaterako, soldaten jaitsiera, enpleguaren suntsiketa, lan-eskubideen urraketak, lan-erreforma, langabezia kronikoa, kaleratzeak zein jazarpenak. "Honekin guztiarekin ezegonkortasun eta ziurgabetasun egoerara kondenatzen gaituzte. Inpunitate osoz jarduten duten enpresari handiek zein txikiek; babes gutxien duten langileen eskubideak etengabe urratzen dituzte, lan-baldintza miserableetan lan egitera behartuz", nabarmendu dute.