Trula-trula-lai, trula-trula-lai...

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 3a, 14:00
Matxinbentako santa eskeko taldea, duela bi urte. (Utzitakoa)

Santa Ageda bezpera izango da bihar, eta horren harira, kopla kantari aterako dira eskualdeko hainbat herritan. Matxinbentan ez dute festarik ospatuko aurtengoan.

Santa Ageda bezpera izango da bihar, eta egun horren bueltan, eskualdeko hainbat txokotan aterako dira kantuan.

Aia

Aiarrek bihar 09:00etan jarri dute baserriz baserri eskean ibiltzeko hitzordua, Lardizabal guraso elkarteak antolatuta. Goizeko eskearen ondoren, atsedena hartuta, 17:00etan elkartuko dira berriz. Arratsaldean, herrigunean barrena ibiliko dira kopla kantari.

Aizarnazabal

Aizarnazabalgo talde bat urtero ateratzen da santa eskean 1995az geroztik –2021ean ez ziren atera pandemia tarteko–, eta biharkoan ere ez dute hutsik egingo. Aitor Mendiluze bertsolaria 1996an atera zen lehenengoz haiekin kantuan, eta ordutik, urtero parte hartu izan du santa eskean. Aurten, harekin batera, Iban Gorriti Beltza aizarnazabaldarra eta Aritz Hernandez Larrume aiarra ariko dira koplari. Gainera, herriko trikitilariak eta pandero jotzaileak izango dituzte lagun. 08:30ean elkartuko dira udaletxearen aurrean, eta 09:00 aldera abiatuko dira baserriz baserri. Egun osoan zehar ariko dira santa eskean. 

Azkoitia

Bihar, Floreaga Ikastetxeko irakasle, ikasle eta guraso talde bat kantuan aterako da Azkoitiko kaleetan barrena. Horrez gain, Bizilore Eskola Aktiboko kideak baserriz baserri ibiliko dira. 

Azpeitia

Matxinbentan ez da santa eskerik egingo aurtengoan, urte askotako tradizioarekin amaituz. Azpeitiko kaleetan, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoak aterako dira kantuan bihar; 19:00etan elkartuko dira, Sanagustin kulturgunean. Bestalde, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolako LH5 eta LH6 mailetako ikasleak San Martin egoitzara joango dira gaur. 

Azpeitia-Zestoa

Lasaon egun osoan zehar ospatuko dute Santa Ageda bezpera. 09:00etan hasita, haur, gazte eta helduak Egaña eta Mantxi bertsolariekin ariko dira kantuan. Tartean, bazkaria egingo dute, eta gauean, afaria. 

Errezil

Sañu Bizirik taldeak deituta, bi talde aterako dira eskean bihar Errezilen. Plazan elkartuko da talde bat, 10:00etan, eta inguruko baserriak zeharkatuko ditu. Beste taldea, berriz, Txilarramendin ariko da kantuan; 16:00etan elkartuko dira, Etumetan. 

Getaria

Getariako Bertso Eskolak antolatuta, bihar 10:00etan elkartuko dira plazan, eta baserriz baserri ibiliko dira kantuan. Askizun egingo dute bazkaria. 

Orio

Errikotxia bertso eskolako kideak santa eskean aterako dira bihar Orion. Orioko Herri Ikastolarekin batera antolatu dute ekitaldia, eta ikastola aurretik abiatuko dira, 18:00etan. Hainbat geldialdi egingo dituzte partaideek ibilbidean zehar, bertsoak kantatuz. 19:00 aldera amaituko dute ekintza, plazan.

Zarautz

Txinpirin abesbatza Villa Mundatik aterako da santa eskean bihar, 18:00etan. 19:30ean, Musika Plazatik, Zarautz abesbatza, Zarazte abesbatza eta Zarautz Trik trikiti eskolako ikasleak abiatuko dira kantuan; aurten bertsolaririk gabe ariko dira.

Zestoa

Zestoan, bihar 09:00etan hasiko dira eskean, Endoia bideko Legoia bailaran. Handik Etorra bailarara joango dira, eta eguerdi parterako kalera jaitsiko dira, kalez kale eta tabernaz taberna ibiltzeko. Akoara eta egoitzetara ere egingo dituzte bisitak. Iluntzean bertso afaria egingo dute. Santa eskean koplari bertsolari hauek ibiliko dira: Aitor Salegi, Gorka Olaizola, Unai Sarasua eta Danel Olano.

Arroabean, bestalde, pare bat urteko geldialdiaren ostean berreskuratuko dute santa eskea. Aurtengoan, Xabat Illarregi eta Oier Etxeberria bertsolariak ariko dira koplak kantatzen. Bihar, 09:00etan elkartuko dira plazan, eta auzoan barrena baserriz baserri ibili ostean, elkarrekin bazkaldu eta Arroa Erreka aldera joango dira. 

Zumaia

Herri Eskolako LH6ko ikasleak Otezuri egoitzara eta eguneko zentrora joango dira gaur, 11:00 aldera. Bestalde, Beheko Plaza edadetuen abesbatzak kantu kalejira egingo du bihar, 18:00etan hasita.

Santa Ageda jairik ez dute ospatuko Matxinbentan

Aurten Santa Ageda festarik ez da izango Matxinbentan, inork ez duelako jaiak antolatzeko ardurarik hartu nahi. Pandemia aurreko azken bost edo sei urteetan, bi lagunen artean antolatu izan zituzten auzoko festak, horrek eskatzen duen lan guztiarekin. Gabonen aurretik, bi kideek idatzi bat helarazi zuten auzoko etxe guztietara, festa batzordean zituzten ardurak laga nahi zituztela jakinaraziz eta norbait erreleboa hartzeko prest balego eurengana jotzeko eskatuz. Hitzordua ere jarri zuten Matxinbentako tabernan, baina inor ez zen agertu. Horrenbestez, aurtengoz behintzat, festarik ez antolatzea erabaki dute.