Urolako Bide Berdeko Narrondo eta Iraeta arteko zatia egiteko eskatu dute Zestoako eta Zumaiako alkateek

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 3a, 14:30
Mikel Arregi Zestoako alkatea eta IƱaki Ostolaza Zumaiakoa, Narrondon. (Zumaiako Udala)

Zestoako eta Zumaiako alkateak Narrondon elkartu dira eta gogoratu dute Iraeta eta Narrondo arteko bide berdeko zatia egiteko lanak hasi gabe daudela, aldundiak proiektu horren berri bitan eman badu ere.

Urola bailara alde batetik bestera, Legazpitik Zumaiara bitartean, lotuko duen Urolako bide berdea bukatzea eskatu diote gaur Zestoako eta Zumaiako alkateek, Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi agintariak Narrondon elkartu dira eta gogoratu dute Iraeta eta Narrondo arteko Bide Berdearen zatiko lanak oraindik hasi gabe daudela, “Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak 2019an hasiko zirela agindu bazuen ere”.

Oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako egokitutako bideak dira bide berdeak, eta Urolakoari dagokionez, Legazpi eta Zumaia lotzea jasotzen du planak. Alkateek gogoratu dutenez, aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak 2019an iragarri zuen Zumaiako eta Zestoako bi auzo hauen arteko tartearen obrak hastear zirela. Hiru urte beranduago, 2022ko otsailean, justu orain urtebete, bide berdeko zati horren obraren proiektua gauzatzeko borondatea berretsi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak; hitzarmena lantzen ari zirela ere iragarri zuten Iñaki Arriola Sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasun Diputatuak. “Gaur gaurkoz, ez da lan horiek egiteko inbertsio minimorik egin”, salatu dute bi alkateek.

“Urte luze bat pasa da obrak egiteko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmena iragarri zutenetik, eta oraindik ez dute Gipuzkoako Aldundiaren Gobernuko Kontseiluaren sinadura lortu”, azaldu du Iñaki Ostolazak, Zumaiako alkateak. Mikel Arregi Zestoako alkateak gaineratu du agintaldiaren hasieran, foru aldundiko Mugikortasun Sailarekin hala hitzartuta, Arroa Behea eta Urolako Bide Berdearen arteko loturaren obrak egin zituela Zestoako Udalak 2020an. "Lan horiek eta bide berdeak ez dute jarraipenik izan, ordea", azpimarratu du. “Urte gehiegi pasatu dira, eta bide berdea errealitatea bihurtzeko epeak luzeegiak izaten ari dira”, jarraitu du Arregik.

Hori dela eta, bi alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiari publikoki eskatu diote obrak lehenbailehen has ditzala.