Adin txikikoen esku hartze zerbitzu bateratua emango dute Zestoak, Getariak eta Aizarnazabalek

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 22a, 17:57
Gaurko agerraldia, Zestoako udaletxean. Ezkerretik eskuinera, Beatriz Zubia, Mari Karmen Arregi, Mikel Arregi, Haritz Alberdi eta Ane Loidi. (Mailo Oiarzabal)

Gaur aurkeztu dute hiru udalek gauzatu duten lankidetza hitzarmen "berritzailea". Bi urterako egin dute hitzarmena, luzatzeko aukerarekin, arreta psikosoziala hobetzeko helburuarekin. Datorren agintaldian jarriko dute martxan.

"Arreta psikosoziala hobetu, indarrak batuta". Helburu horrekin egin duten hitzarmen "berritzailea" aurkeztu dute gaur Zestoako, Getariako eta Aizarnazabalgo udalek Zestoako udaletxean. Bazterkeria arrisku arin edo moderatuan dauden adinekoak eta adin txikikoak artatzeko zerbitzua lankidetzan eskaintzen hasiko dira aurki eskualdeko hiru herriotako udalak, gizarte nahiz hezkuntza arloan esku hartzeko eta arreta psikosoziala eskaintzeko programa bateratuarekin.

Maiatzeko udal hauteskundeak bitarteko epeak tarteko, datorren agintaldian jarriko dute martxan zerbitzu bateratu hori. Zestoako Udalak kudeatuko du zerbitzua eta berak hartuko du kontratazio publikoa lizitatzearen ardura ere. Bi urterako hitzarmena egin dute, berritzen jarraitzeko aukerarekin. Hitzarmenaren jarraipen batzordea eratuko dute hiru udalek; zerbitzua martxan jarritakoan eta hitzartutako epea bete bitartean, hiru hilean behin elkartuko da batzorde hori. Hitzarmenaren bi urteak betetakoan, emandako zerbitzua baloratu eta aurrera jarraitu ala ez erabakiko dute.

Herri txikiak elkar hartuta

Zestoako, Getariako eta Aizarnazabalgo alkateek –Mikel Arregik, Haritz Alberdik eta Mari Karmen Arregik– eta Zestoako eta Gertariako udaletako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziek –Beatriz Zubiak eta Ane Loidik– hartu dute parte lankidetzaren berri emateko hiru udaletako ordezkariek Zestoan egin duten agerraldian.

Zestoako alkateak azaldu ditu hiru udalen indar batzearen zertzelada nagusiak. Zaintzarekin eta arlo horretan "gero eta gehiago" diren beharrekin lotu du ekimena Arregik. "Normalean, zaintza adinekoen zaintza gisa ulertzen dugu, baina gaur egun adin guztietako pertsonak gaude zaindu beharrean. Inoiz baino arazo psikosozial handiagoak ditu gaur egungo gizarteak, gero eta gizarte konplexuagoa delako. Hiru udalerriok pertsonak erdigunean hartutako estrategiak eta ekinbideak sustatzearen aldekoak izanda, elkar hartzea eta adin txikikoei zuzendutako esku hartze zerbitzua bateratzea erabaki dugu". Populazioz txikiak diren herriek horrelako eta bestelako zerbitzuak emateko izaten dituzten "zailtasunak eta gabeziak" gainditzeko saiakera dago, finean, Zestoak, Getariak eta Aizarnazabalek hasiko duten bide berriaren oinarrian. Hiru herriek "errealitate eta arazo sozial antzekoak" dituztelako erabaki dute arlo horretan bat egitea, Arregik esan duenez. Elkar hartuta, "kudeaketa hobetzeko aukera" izango dutela uste dute hiru udalek. "Azkenean, hori da helburua: arreta honen beharrean dauden pertsona guztiak ahalik eta ondoen artatuak izatea".

Zestoako eta Getariako alkateak bat etorri dira hiru udalen elkarlan hori "berritzailea" dela esaterakoan. Hala ere, Getariak eta Aizarnazabalek badakite gizarte zerbitzuetan elkarrekin aritzea zer den, bi udaletan teknikari bera aritzen delako arlo horretan lanean; orain, zerbitzu zehatz baterako behintzat, indartu eta zabaldu egingo dute lankidetza. Hiru erakundeetako gizarte arloko teknikarien lana "funtsezkoa" izan dela ere esan dute Arregik zein Alberdik, eta lankidetzaren oinarriak jartzerakoan haiek egindako lana goraipatatu dute bi alkateek.

Zerbitzuaren xehetasunak

Bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak "autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familia eta komunitate inguruneko bizikidetza egokia bultzatuko duten gaitasun pertsonalak, familiarrak edo taldekoak eskuratzea eta garatzea" da Zestoan, Getarian eta Aizarnazabalen martxan jarriko duten zerbitzuaren helburua; eta horrekin batera, "ohitura, portaera, pertzeptzio, sentimendu eta jarrera desegokiak egokiagoak direnekin ordezkatzea".

Helburu horiek betetzeko, hainbat prestazio eta laguntza eskainiko ditu hiru udalen zerbitzu bateratuak, erabiltzaileen bizilekuetan zein espazio komunitarioetan, kasuen eta beharren arabera.