'Sustraiak' dokumentala emango dute datorren astean Zestoan eta Beizaman

Andoni Elduaien 2023ko mai. 5a, 12:51

'Sustraiak' dokumentala iragartzen duen karteleko emakumea. (Sustraiak)

Datorren asteazkenean izango da dokumentalaren emanaldia Zestoan, eta hilaren 13an, Beizaman. Gaur egungo baserri desberdinetako emakumeen iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte ikus-entzunezkoan. 

Datorren astean, Sustraiak dokumentala emango dute Zestoan eta Beizaman. Asteazkenean, hilak 10, Zestoako Alondero aretoan emango dute ikus-entzunezkoa, 19:00etan hasita. Beizaman, berriz, hilaren 13an, larunbatez, eskainiko dute dokumentala, Natur Eskolan (18:00).

Ander Beizamak eta Ander Espallargas zuzendu dute Sustraiak dokumentala. Gaur egungo baserri desberdinetako emakumeen iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte ikus-entzunezkoan. Hain justu, iraganean emakumearen papera goraipatua izan den eta egungo baserrietan beraien burua nola ikusten duten egiaztatzeko. Lau emakume desberdinen testigantzak jaso dituzte dokumentalean, eta horien artean daude Beizamako bi herritar: Itxaso Aramendi eta Maria Biain (Maritxu).

Zuzendarien arabera, helburua eremuko errealitatea ezagutzea izan da. Baserriek bizirauteko dituzten erronkak zein diren ezagutarazi, gaur egungo baserriak nola kudeatzen diren jakin eta garai berri hauetan emakumeen lekua zein den azaldu nahi izan dituzte lanean.