Zestoako gizonen lehen taldeak eta Zumaiako Bk mailaz igotzea lortu dute

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 22a, 09:15
Zestoako jokalariak eta zaleak gustura, partida bukatu ostean.

Datorren denboraldian Gorengoen mailan jokatuko dute bi taldeek. Maila horretan eskualdeko beste hainbat talde izango dituzte aurkari; hain zuzen ere, Anaitasuna B, Getariako KETA eta Ikasberri.

Zestoa futbol taldeko gizonen lehen taldeak eta Zumaiakoren bigarren taldeak aho zapore gozoarekin bukatu dute aurtengo denboraldia; izan ere, 27na puntu erdietsita, sailkapenaren buruan bukatu dute liga, eta mailaz igotzeko txartela eskuratu dute. Horrenbestez, 2023-2024 denboraldian Gorengoen mailako taldeak izango dira biak, eta aurrez aurre izango dituzte eskualdeko beste zenbait talde; hain zuzen ere, Anaitasuna B, Getariako KETA eta Ikasberri.

Zestoak garaipena behar zuen larunbatean Idiazabalen kontra etxean jokatu zuen partidan, eta ez zuen hutsik egin; 2 eta 1 irabazi zion Goierriko taldeari. Zumaiako Bk, berriz, bana berdindu zuen Soraluzeren kontra etxean jokatutako norgehiagoka, baina puntu bakarra nahikoa zuen igoera bermatzeko. Helburua lortuta, Zestoako zein Zumaiako jokalariek eta zaleek gogotik ospatu zuten lorpena.

Zumaiako Bko jokalariak eta zaleak, partida bukatu ostean.