Hastear da udako bainu denboraldia igerileku eta hondartzetan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 31a, 10:10
Zarauzko tolderoak hasi dira lanean, zutoinak hondarretan jartzen. (Aritz Mutiozabal)

Zarautzen eta Orion bi aste aurreratu dute sorospen zerbitzua. Azkoitian eta Azpeitian datorren astean zabalduko dituzte estali gabeko igerilekuak.

Gero eta gertuago daude uda eta horrek berarekin dakartzan beroa eta eguraldi eguzkitsua. Horrek esan nahi du, era berean, eskualdeko hondartzak eta igerileku irekiak aurki hasiko direla jendez betetzen. Hala eta guztiz ere, askok dagoeneko hartu dituzte lehenengo bainuak. Kostaldeko herrietan, batez ere, maiatzeko egun beroenak aprobetxatu dituzte herritarrek Kantauri itsasoko ura probatzeko.

Soroslerik gabe egin dute hori orain arte, baina bihartik aurrera izango dira; Zarautzen, behintzat. Izan ere, bi aste aurreratu dute sorospen zerbitzua aurten, eta ekaineko lehenengo egunetik hasiko da. Beste behin, BPXport XXI enpresak emango du sorospen zerbitzu hori egunero, 11:00etatik 20:00etara, eta 24 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat ariko dira bainularien segurtasuna bermatzen. Hondartza sei bainu eremutan banatuko dute, eta, ohi bezala, moilako bainu guneak ere izango du soroslea.

Halaber, toldoen, doako dutxen eta komunen zerbitzuak nahiz hondartza inguruko garbiketa lanak bihar hasiko dituzte. Gainera, udalak jakinarazi du EMAS ziurtagiriaren bandera izango duela Zarauzko hondartzak aurten ere, besteak beste, kerik gabeko gune izaten jarraitu nahi duelako.

Orion ere aurreratu egin dute sorospen zerbitzua. Herritarrek hala eskatuta luzatu du denboraldia udalak, eta, beraz, ekaineko lehen bi asteburuetan eta iraileko azken hiruretan ere izango dira sorosleak hondartzan. Edonola ere, eguneroko ohiko zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era eskainiko dute, 11:00etatik 20:00etara. Orion ere, BPXport XXI arduratuko da bainularien segurtasuna bermatzeaz.

Udalak zehaztu du, era berean, Antillako kabinak ekainaren 15era arte ez dituztela zabalduko. Hortik aurrera, egunero izango dira martxan irailaren 15a arte, 11:00etatik 22:00etara, eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.

Horrez gain, hondartzako tresnak leihatilan gordetzeko aukera ere egongo da Orion, eta prezioak honakoak izango dira: aulkientzat, paipoentzat eta eguzkitako aterkientzat eguneko prezioa 60 zentimo, astekoa 2,50 euro, hilabetekoa 7,50 euro eta denboraldi osokoa 20 euro; etzaulkientzat eta surf taulentzat, berriz, eguneko prezioa 80 zentimo, astekoa 4,50 euro, hilabetekoa 12,50 euro eta denboraldi osokoa 30 euro.

Getarian eta Zumaian, aldiz, ohiko datei eutsiko die hondartza denboraldiak: ekainaren 15etik irailaren 15era izango dira. Getarian, Gurutze Gorriak kudeatuko du sorospen zerbitzua 11:00etatik 19:00etara, eta bainu egokituak eskaintzen jarraituko dute. Zumaian, kostaldeko herri gehienetan bezalaxe, BPXport XXIek emango du zerbitzua, eta 10:30etik 20:00etara egingo du. Udalak jakinarazi du, bestalde, aurten indartu egin dutela hondakinak biltzeko zerbitzua.

Igerileku irekiak

Urola bailarako herrietan ere izango da bainu segururako aukerarik. Hori horrela, Azkoitian eta Azpeitian aurten ere zabalduko dituzte igerileku irekiak.

Azkoitiko Ugarteigarango igerilekua izango da zabaltzen aurrena; datorren asteko ostiralean, ekainaren 9an, irekiko dute. Astelehenetik igandera eskainiko dute zerbitzua, irailaren 10era bitartean, 10:30etik 20:00etara, eta Gurutze Gorriko sorosleak arduratuko dira erabiltzaileen segurtasuna bermatzeaz.

Azpeitian, berriz, Azkoitian baino egun bat geroago zabalduko dute igerilekua; ekainaren 10ean, larunbata, alegia. Hiru hilabeteko epean, irailaren 10era bitartean, egunero hartu ahalko dute bainua herritarrek 11:00etatik 20:00etara, BPXport XXIeko sorosleen zaintzapean.