Oinarrizko produktuen bilketa egingo dute gaurtik ostiralera Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 14a, 10:04
Kontseilu Sozialistaren oinarrizko produktuen biltegia, Azpeitiko Esklabetan. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu du, Kate handien aberastasun gosearen eta gobernuaren konplizitatearen aurrean, langile antolakuntza. Ogi apurrik ez! leloarekin. Hiru herrietako hainbat saltokiren atarietan jarriko dituzte bilketarako postuak hiru egunetan, 17:00etatik 20:00etara.

Kate handien aberastasun gosearen eta gobernuaren konplizitatearen aurrean, langile antolakuntza. Ogi apurrik ez! leloarekin, oinarrizko produktuen bilketa egingo du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gaur, bihar eta etzi (ekainak 14, 15 eta 16) Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan.

Azpeitian, Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean; Azkoitian, Eroski txikia eta BM saltokien atarietan; eta Zestoan, Gesalaga kalean jarriko dituzte bilketarako postuak. Hiru egunetan, 17:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute bilketa aipatutako tokietan.

Inflazioak bere oinarrizko produktuen biltegian eragin zuzena izan duela adierazi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Hala azaldu du: "2021arekin alderatuz gero, hilabetero banatzen dugun saskiaren prezioa %28tik gora igo da, eta, ondorioz, inoiz baino garrantzitsuagoa da guztion ekarpena. Energetikek, gasolindegiek… eta, nola ez, supermerkatu handiek ere irabazi historikoak izan dituzte; nahiz eta produkzio kostuak nabarmen igo diren eta salmentak kantitatez jaitsi, supermerkatuen urteko fakturazioak gorantz egiten jarraitzen du. Horren adierazle da nola supermerkatuek BEZ murrizketari entzungor egin dieten eta prezioak mantendu edo igo dituzten erabateko inpunitatez. Horren aurrean, besteak beste, 2023 hasieran Espainiako Gobernuak BEZaren bitartez elikagaien prezioa jaisteko errege dekretuzko legea jarri zuen martxan. Proletalgoarentzat neurri onuragarria izatetik urrun, propaganda izaerako neurri hutsala besterik ez da izan. Azken urteak zerbaitek ezaugarritu baditu, besteak beste, bizitzaren garestitze orokorra izan da. Elektrizitatearen eta gasaren, gasolinaren, elikagaien… prezioek igoera historikoak izan dituzte, eta Hego Euskal Herrian nabarmen jaitsi da eros ahalmena".