Baserri mundua, kaletik gertuago

Ihintza Elustondo-Joane Alberdi-Mireia Galarza Bastida-Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 10a, 18:00

Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren barruan, bisita gidatuak egin dituzte eskualdeko hainbat baserritan. Azpeitiko Premietxeberrin eta Zumaiako Xarrondo Behekoan izan da hedabide hau.

Sekula aitzurrik hartu ez dutenak baratzean, inoiz behiak bertatik bertara ikusi ez dituztenak ukuiluan, ardiak nola jezten diren ez dakitenak eskuak esne mamitan sartu eta gazta egiten... Halako egoerak bizi izan dira egunotan eskualdeko hainbat baserritan Ongi Etorri Baserrira! egitasmoari esker. Enba Euskal Nekazarien Batasunak antolatuta, baserri mundua kaletarrengana hurbiltzeko asmoz, bisita gidatuak egin dituzte asteburuan hainbat baserritan, eta Urola Kostako bitan izan da hedabide hau: Azpeitiko Premietxeberrin eta Zumaiako Xarrondo Behekoan. 

Joan den ostiralean egin zuten Premietxeberriko bisita, eta hainbat lekutatik bertaratu ziren bisitariak: eskualdeko herrietakoak ez ezik, Ipar Euskal Herriko bisitariak nahiz ingelesez hitz egiten zutenak ere baziren han. Idiazabal jatorri izeneko gazta egiten dute Premietxeberrin, eta besteak beste, hango artegia bisitatu zuten bertaratu zirenek. Hango kaka arrastoak saihesten batzuk, lasaiago besteak, baina denek arretaz entzun zituzten Itxaso Agirre baserri horretako arduradunak emandako azalpenak. 

Azken 40 urteotan Agirreren gurasoek eta osabak izan dute baserriaren ardura, eta orain gutxi Agirrek berak hartu du haien lekukoa. Ardiak eta haragitarako behiak dituzte baserrian. "Guztira, 450 ardi latx ditugu, eta horien esnearekin gazta egiten dugu. Haragitarako behiak ere baditugu, 90 inguru, limusin arrazakoak". 

Dena den, ardi gazta da Premietxeberri baserriaren bereizgarri nagusia, eta produktu hori egiteko prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkien Agirrek baserrira joan zirenei. Lehenik, artegia ikusi zuten horiek, gero ardiak non jezten dituzten, gazta non egiten duten... Gainera, ardi esnearen mamia dastatzeko eta gazta egiteko aukera izan zuten hala nahi zutenek. Agirrek nabarmendu zuenez, "xehetasun asko" zaintzea da gazta on bat eskuratzeko sekretua. "Prozesu guztia zaindu behar da". 
Premietxeberrin sanjoanen bueltan intseminatzen dituzte ardiak, eta azaroan jaio ohi dira arkumeak. Gazta egiteko prozesua, berriz, abenduan hasi eta San Fermin festen bueltan amaitu ohi dute; kasualitatez, bisitaren eguna zuten gazta egiteko azken eguna, San Fermin eguna, orduan antzutu ohi dituztelako ardiak. "Ez gara nafarrak, baina emango diegu sanferminei ukitu berezia", adierazi zuen Agirrek. Hark azaldu zuen orain atsedenerako egun batzuk hartuko dituzten arren, baserrian ez dela opor handirik izaten, eta beraz, lanean jarraituko dutela aurrerantzean ere. 

Galderak egitera animatu ziren batzuk, gazta egitera besteak, eta hala nahi zuenak behiak bisitatzeko aukera ere izan zuen. Ondoren, goiz-pasa giro gozoan amaitzeko, bertako sagardoa nahiz gazta dastatzeko aukera izan zuten bisitariek, baita Eusko Label haragiarekin egindako hanburgesak probatzekoa ere. Hala, guztiak tripa beteta eta pozarren itzuli ziren etxera, Premietxeberrikoen ongietorriak utzi zien sentipen gozagarria ezin ezkutatuta eta baserri munduaz zertxobait gehiago ikasita. 


Zumaian, esne behiak


Esnea dute lanerako oinarria Zumaiako Xarrondo Behekoa baserrian ere, baina ardien ordez, behiak dituzte han. Aritz Eizagirre baserriaren arduradunak eman zizkien bisitariei azalpenak joan den larunbatean; guztira, 40 bat lagun bertaratu ziren. Hiriburuetakoak ziren bisitari gehienak: Bilbokoak, Donostiakoak... "Batzuek txahalei eskua eman diete, beste batzuek ez dakite esnea nondik datorren... Gauza berria da baserri mundua haientzat", adierazi zuen Eizagirrek.  

Lehenik, behiak ikusi zituzten bisitariek, eta ondoren, behi esnearekin zer produktu egiten dituzten. 2020an hasi ziren baserrian esne pasteurizatuarekin lanean, eta urtez urte produktu berriak sortzen joan dira; iaz, jogurtak ekoizten hasi ziren, eta aurten, berriz, gazta. "Eta hurrengo urtean, ikusiko dugu", esan zuen Eizagirrek. 

80 bat abelburu dituzte Xarrondo Behekoa baserrian, eta 750 litro inguru esne ekoizten dituzte egunean. Horren erdia Kaiku kooperatibara bideratzen dute, hango bazkide direlako, eta beste erdia eurek baliatzen dute. 

Donostiatik bertaratu zen familia bat Zumaiako baserrira, "zerbait ezberdina" egiteko. "Plan polita da, ezberdina. Gauzak nola egiten diren ikustera etorri gara. Jogurtak egunero jaten ditugu, baina nola egiten dira? Non dute jatorria? Garrantzitsua da elikagaien atzean zer dagoen ikustea, prozesua ezagutzea. Lehen aldiz parte hartu dugu Ongi Etorri Baserrira! egitasmoan, lagun batzuek gomendatuta, eta asko gustatu zaigu ikusi duguna. Gertutasuna transmititu digute, hirian ez daukagu-eta baserri munduarekiko harremanik". 

Orotara, bisitari ugari igaro dira inguruotako baserrietatik Ongi Etorri Baserrira! egitasmoari esker, eta horrenbestez, gaur-gaurkoz pixka bat gertuago daude baserri mundua eta kalea.