Kontxan izango dira Orio eta Getaria

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 19:30

Orioko arraunlariak Kontxako sailkatze estropadaren aurretik. (Orio AE)

Ez da ezustekorik izan eskualdeko traineruen artean eta Eusko Label ligan aritzen diren bi traineruek lotu dute denboraldiko bandera garrantzitsuena lehiatzeko txartela. Zumaiak hemezortzigarren denbora onena egin du eta Zarautzek hogeigarrena.

Esperotakoa bete da Kontxako bandera lehiatzeko sailkatze proba jokatu duten eskualdeko gizonezkoen traineruen artean eta Oriok eta Getariak lortu dute sailkapena. Hirugarren denbora onena lortu du Oriok eta seigarrena esperantzak.

Estropada jokatu duten KAE1 ligako Zumaiak eta Zarautzen, aldiz, ezin izan dute ezustekoa eman eta azken txartela banatu duen zazpigarren postutik urrun geratu dira: 40 segundora hemezortzigarren postuan Telmo Deun eta 53ra hogeigarren postuan Enbata. Sei eta lau traineru soilik utzi dituzte atzean.

Gaurkoan atzo baino baldintza hobeak izan dituzte traineruek arraunerako, baina azkarrena izan den Zierbenak alde handiak atera dizkie aurkariei, hala eta guztiz ere: Hamabosna segundo bigarren eta hirugarren izan diren Hondarribi eta Oriori eta hogei gaurkoan laugarrena izan den bandera irabazteko faborito nagusiari, Urdaibari –Eusko Label ligako liderra eta Kontxako banderaren azken edizioko garailea–. Bosgarrena Cabo izan da Zierbenarengandik 31 segundora, seigarrena Getaria, esan bezala, 33ra eta Ondarroa izan da ez ustekoa eman eta azken txartela lortu duena 36 segundora. Bi segundo eskas atera dizkio kanpoan geratu den Lekittarrari.

Sailkapena lortu duten eskualdeko bi traineruei lotuta, lan bikaina egin dute oriotarrek eta dena eman dute hasieratik atzetik abiatu diren faborito nagusien erreferentziarik izango ez zutela jakitun. Esperantzak, aldiz, estutu egin behar izan du bukaeran, baina momentu oro izan dira zazpi onenen artean.

Estropada amaitu eta minutu gutxira egin dute igandeko lehenengo jardunaldiko txanden zozketa eta sailkapena lortu duten eskualdeko bi ontziak banatuta arituko dira. Orio lehenengo txandan Eusko Label ligako indartsuenetakoak diren Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin batera. Getariak, bestalde, Urdaibai, Ondarroa eta Cabo izango ditu aurkari bigarren txandan. Kaleen zozketa igandean bertan egingo dute 09:00etan.