Kontxako Bandera irabaztetik bost segundora daude Orioko bi ontziak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 3a, 15:00

Orioko arraunlariak estropada amaitu ondoren, Donostiako kaira bertaratu diren zaleen harrera beroa jasotzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Laugarren sailkatu dira emakumezkoan nahiz gizonezkoak eta onenekin arituko dira datorren igandeko bigarren jardunaldian, ohorezko txandan. Getaria eta Zumaia, berriz, zazpigarrenak izan dira gaur.

Beren maila eman dute gaur Kontxako Bandera entzutetsua lehiatzen ari diren eskualdeko lau traineruek. Hori horrela, bandera lehiatuko dute Orioko gizonek nahiz emakumezkoek datorren igandean, bost segundo eskasera baitute bi ontziek. Getariak, berriz, denboraldi osoan aurkari zuzen izan duen Cabo gainditzen ahaleginduko da gaur lortutako zazpigarren postua hobetzeko, eta, Zumaiak ere sentsazio onak biltzen jarraitu nahiko du Euskotren ligara igotzeko play-offari begira.

Gizonezkoen estropadan, Urdaibai izan da gaurkoan azkarrena Hondarribiak lehenengo txandan jarritako denbora segundo batean hobetuta. Lehenengo txanda horretan aritu da Orio, hain justu, Donostiarra eta Zierbenarekin batera. Sei segundoko tartean sartu dira lau ontziak. Hondarribia, lehenengo eta Donostiarra eta Orio ondoren, pare-parean. 

Hori horrela, 33. Kontxako Banderaren lehian bete-betean izango da Orio datorren igandeko bigarren jardunaldian. Hori bai, lau aurkari gogor izango ditu aurrean, bost baitira bandera irabazteko aukera garbiak dituztenak; izan ere, joan den osteguneko sailkapen proban onena izan Zierbena ere ezin da baztertu, nahiz eta, gaur bosgarrena izan den. Bermekoengandik zazpi segundora besterik ez dago. 

Getaria, berriz, Urdaibairengandik 28 segundora dago. Bi ontziak elkarren aurka aritu dira bigarren txandan, baina Esperantzak ezin izan du jarraitu Bou Bizkaiaren erritmoa. Nolanahi ere, Caboren aurkako lehia da getariarrek begiz jota dutena eta estua izan da euren arteko dema gaurkoan ere. Segundo azpikoa izan da aldea helmugan galiziarren alde.

Emakumezkoei erreparatuta, Tolosaldeak eman du ezustekoa estropada irabazita. Dena den, oso alde estuarekin egin du 18 ehuneneko aldea besterik ez baitio atera Donostia Arraun Lagunak taldeari eta bi segundokoa Donostiarrari. Aipatu hiru ontziak bigarren txandan aritu dira, eta, ondorioz hasieratik izan dituzte Orioren erreferentziak, lehenengo txandan aritu baita. Nolanahi ere, lau segundoko aldea besterik ez dio atera Tolosaldeak eta bandera irabazteko aukera garbiak izango ditu datorren astean, esan bezala. Gainera, orduan bai, ohorezko txandan arituko da.

Gaurkoan aise irabazi du bere txanda Oriok; izan ere, maila askoz apalagoa duten ontziak izan ditu aurkari: Hibaika, Kaiku eta Zumaia. Hirurek datorren denboraldian Euskotren liga jokatzeko plaza izango dute jokoan play-offean eta lehia horretan Errenteriakoak izan dira nagusi gaurkoan. Zazpi segundo atera dizkiote Zumaiari eta hamasei Kaikuri. Gauzak horrela, Hibaika baino denbora hobea egiten ahaleginduko da Telmo Deun datorren astean iraileko hirugarren asteburuko hitzordu horri begira konfiantza irabazteko. 

Gizonezkoen sailkapena

1. Bermeo Urdaibai 19:20.92
2. Hondarribia 19:22.17
3. Donostiarra 19:25.11
4. Orio Orialki 19:25.89
5. Zierbena 19:28.67
6. Cabo-Rianxeira-Boiro 19:48.60
7. Getaria 19:49.12
8. Ondarroa 20:01.04

Emakumezkoen sailkapena

1. Tolosaldea  10:37.64
2. Donostiarra  10:37.82
3. Arraun Lagunak  10.39.80
4. Orio  10:42.30
5. Hibaika  10:57.22
6. Hondarribia  10:59.32
7. Zumaia  11:04.86
8. Kaiku  11:15.56