Sektore publikoko greba eragina izaten ari da eskualdeko hainbat zerbitzutan

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 25a, 13:00

Udal eraikin batzuk itxita daude zenbait herritan, eta beste batzuetan gutxieneko zerbitzua eskaintzen ari dira egun osoan zehar. Hezkuntzari dagokionez, eskola publikoak ez dira klaseak normaltasunez ematen ari. 

Sektore publikoa indartzeko asmoz, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek greba deitu dute gaurko eta abenduaren 19rako. Gutxi gorabehera 152.000 langile daude greba egiteko deituta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta eskualdean ere nabaritu da horren eragina. 

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, esaterako, udal zerbitzu guztietan gutxieneko zerbitzua eskaintzen ari dira egun osoan zehar. Horrez gain, greba eragina izaten ari da hezkuntza eremuan eta osasun arloan ere. 

Orion, bestalde, itxita daude udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, kultur etxea, liburutegia eta turismo bulegoa. Antzeko zerbait gertatzen da Zumaian eta Getarian ere. Lehenenengoan turismo bulegoa eta ludoteka ez dituzte ireki, eta Getarian udaletxea itxita dago.

Bi herri horietako eskola publikoak, aldiz, zerbitzu minimotan daude, eta ez dira ari klaseak normaltasunez ematen. Getariako Iturzaeta Herri Eskolan, adibidez, irakasleen %80ak egin du greba, eta ikasleen %50ak. Herri horretan zabalik daude kiroldegia eta liburutegia, kanpoko enpresa bati esleituta daudelako.

Orokietan eta HAZen eragin gehien, Zarautzen 

Zarautzi dagokionez, bertako Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Orokieta herri eskolan izan du eragin gehien grebak. Lizardi institutuan, berriz, "esperotakoa baino txikiagoa" izan da inpaktua, Marina Aranzabal zuzendariaren hitzetan.

Hori horrela, udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienak ez dituzte eten beharrik izan, nahiz eta lan talde txikiagoekin ari diren. HAZ da etenda dagoen bakarra langile bakar bat bera ere ez delako joan lanera gaurkoan. Gizarte zerbitzuetan, bestalde, lan taldearen erdiarekin baino gutxiagorekin ari dira, baina zerbitzua martxan dago. Antzeko egoeran dabiltza Sanz Enea liburutegian ere; langile gutxiagorekin bada ere, ohiko zerbitzua ari delako ematen.

Greba deialdiak sektore publiko osoari eragiten dionez, udalaren eskumenekoak ez diren herriko gainerako zerbitzuei ere eragiten die grebak. Anbulatorioari eta bi ikastetxe publikoei, esaterako. Azken biei dagokienez, Orokietan langileen %80 izan da grebarekin bat egin duena, eta, ondorioz, handia izan da eragina. Nolanahi ere, hainbat zerbitzu bermatu ditu ikastetxeak: hala nola, zaintza, garraio eta jangela zerbitzuak. Kontrara, langileen %36 batu da grebara Lizardin. Hori dela eta, "berrantolatu" egin behar izan duten arren, eskolak ematen ari direla azaldu du Aranzabalek. Gainera, ikasle gehienak bertaratu direla zehaztu du.