A30 greba feminista orokorra

Eskualdeko udal zerbitzu ugari itxita egongo dira bihar, greba feminista orokorrean

Ane Olaizola 2023ko aza. 29a, 14:59

Zestoako udaletxa. Bihar, itxita egongo dira harrera bulegoa eta gainerako zerbitzuak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba feminista orokorrarekin bat egin dute eskualdeko hainbat udaletako langilek, eta beraz, itxita edo gutxienekoan egongo dira udal zerbitzu ugari, hala nola Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aurreneko greba feminista orokorra deitu du biharko Euskal Herrian, eta aldarriarekin bat egin dute Urola Kostako langile publiko ugarik ere. Ondorioz, grebak eragina izango du zenbait udal zerbitzutan; bai, behintzat, eskualdeko udalerri gehienetan, hala nola, Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian.

Azpeitian, udal langileek bat egin dute grebarekin, eta ondorioz, bihar itxita egongo dira udaletxea eta gainerako udal zerbitzuak: hau da, igerilekua, kiroldegia, liburutegia, Euskaltegia, ludotekak, Gaztelekua eta Emakumeen Txokoa.

Zumaiako Udal Gobernuak ere bat egin du grebarekin, eta udal eraikinak itxita egongo dira bihar. Horrez gain, udalarenak diren zerbitzu gehienak eten egingo dituzte, ikastaroak barne. Soilik gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta ondorioz, erregistro nagusia Udaltzaingoan izango da.

Orioko udal langileak ere lanuztera batuko dira bihar, eta horren eraginez, udaletxean, Danbolin musika eta dantza eskolan, Kultur Etxean, liburutegian eta turismo bulegoan ez dute zerbitzurik emango.

Antzeko argazkia izango da Zestoan ere: Zestoako Udal Gobernuak eta udaleko langile gehienek bat egin dute greba feminista orokorrarekin, eta ondorioz, egun osoan itxita egongo dira kiroldegia, liburutegia, udaletxeko harrera eta gainerako zerbitzuak. Era berean, gutxieneko zerbitzuak izango dira honako hauetan: Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten zerbitzuaren arreta pertsonalizatuan, Udaltzaingoan eta Zestoako eta Arroabeko haurreskoletako garbiketa zerbitzuan.

Bestalde, Getarian irekita egongo dira udala eta kiroldegia, liburutegia eta musika eskola ez bezala. Iturzaeta herri eskolak, berriz, bihar bertan erabakiko du greba egingo duten edo ez, eta deialdiarekin bat egiten badute, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Herri txikiei dagokienez, Aizarnazabalen zein Beizaman ere itxita egongo dira udaletxeak. Errezilen ere langile gehienek bat egin dute grebarekin, eta soilik Hirigintza Sailean egingo dute han lan.

Ordea, ez da herri guztietan irudi bera errepikatuko. Aian, esaterako, udal zerbitzuak normaltasun osoz egongo dira indarrean. Zarauzko Udalak, berriz, ez du zehaztu zer-nolako eragina izango duen udal zerbitzuetan.

Azkoitia, ez-ohiko egoeran

Azkoitian, egoera berezian daude herritarrak greba orokorrera deituta. Izan ere, han San Andres eguna ospatzen dute azaroaren 30ean, eta jai eguna izanik, bestela ere itxita egoten dira udal zerbitzuak, ikastetxeak zein gainerako lantegiak. Urteroko ospakizunek hartuko dute herria bihar, eta egitarauak apenas izango du aldaketarik.