A30 greba feminista orokorra

Errepide mozketak eta piketeak greba egunaren aurreneko orduetan

Urola Kostako Hitza 2023ko aza. 30a, 09:30

Herriz herri piketeak ibili dira industrialdeetan eta kaleetan, lanean ari diren negozioak itxi nahian. Zarautzen Eguneko Zentroko langileek manifestazioa egin dute goizean, zerbitzua pribatizatzearen kontra. Hedabide honek jakin duenez, Ertzaintzak bi lagun identifikatu ditu Arroako A-8 autobiderako sarreran eta lagun bat Azpeitian.

Azaroaren 30a da, greba feminista orokorraren eguna Euskal Herrian, eta Urola Kosta eskualdeko herrietan ere eragina nabaria da goizean goizetik. Piketeak ibili dira industrialdeetan eta baita kaleetan ere, ateak zabalik dituzten negozioak itxi nahian, eta herrietara sartzeko errepideak ere moztu dituzte une batzuetan.

Zarautzen goizean Eguneko Zentroko langileek manifestazioa egin dute zerbitzua pribatizatzearen kontra. Zumaia eta Zestoa artean, berriz, goizean goiz AP-8 autobiderako sarrera itxi dute Arroan, eta ondorioz auto ilarak sortu dira. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, 30-40 pertsonak itxi dute autobiderako sarrera eta Ertzaintzak bi lagun identifikatu ditu. Orion ere errepidea itxi dute minutu batzuez autobus geltoki aurrean, eta ilarak sortu diren arren, ez da bestelako arazorik izan.

Ertzaintza piketeak gertutik jarraitzen ari da, eta hedabidez honek jakin duenez, oraingoz lagun bat identifikatu dute Azpeitiko Sanjuandegi auzoko saltoki baten parean.

Dena dela, eskualdeko enpresa eta kaleko negozio dezente lanean ari dira egunaren lehen orduetan.

Zarautzen grebari lotuta egingo dituzten ekintzak iraun bitartean zaintza gunea ere izango da Bizkaia kaleko 11. zenbakian, hainbat gizonen ardurapean. Zehaztu dutenez, 13:00 ingurura artekoa izango da zerbitzua. Azpeitian ere haurrentzako txokoa egokitu dute goizerako, Txiki Txoko ludotekan.

EGITARAUA HERRIZ HERRI:

Azkoitia
12:00. Elkarretaratzea, eliz atarian.  

Azpeitia
11:30. Mobilizazioa, Txiki Txoko ludotekatik abiatuta.
13:30. Bazkaria eta bingo musikatua, Azoka Plazan (txartelak aurrez eskuragai daude Emakumeen Txokoan).
17:15. Zumaiako manifestaziora joateko hitzordua, plazan.

Errezil
12:00. Mobilizaziorako materiala prestatzeko deialdi herrikoia.
12:45. Manifestazioa, Errezilen. Saiaz mankomunitate mailakoa izango da mobilizazioa; alegia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Albizturko mugimendu feministetako kideek deituta.
17:15. Tolosako manifestaziora elkarrekin joateko elkartuko dira Errezilen.

Getaria
11:30. Elkarretaratzea, herriko plazan.

Orio
12:00. Manifestazioa, plazatik abiatuta.
14:00. Bazkaria, Saregilen.

Zestoa
11:00. Egoitzetara bisita greba egin ezingo duten langileei babesa agertzera. 
12:00. Elkarretaratzea. 
19:00. Ekitaldi nagusia, plazan.

Zarautz
11:00-11:45. Mikrofono irekia Lege Zaharren Enparantzan, eragile eta elkarteen aldarrikapenetarako.
12:00. Manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik aterata.
14:00. Bazkari feminista, musika eskolan. Norberak eraman behar du bazkaria.
*Zaintza gunean:
* 10:15. Apaxi ipuin kontaketa
* 11:30. Txokolate jana.
* 12:00. Malabare tailerra.

Zumaia
12:30. Elkarretaratzea, Zubitxikin.
14:00. Bazkaria, Emakumeon Etxean.
15:00-18:00. Informazio banaketa eta elkartasun ekintzak.
18:00. Eskualde mailako manifestazioa, Beheko Plazatik abiatuta.