Odolki eta mango biribilkiak sagar alioliarekin

Erredakzioa 2023ko urr. 4a, 09:00

ODOLKI ETA MANGO BIRIBILKIAK SAGAR ALIOLIAREKIN

OSAGAIAK:
      Biribilkientzat:
    •  porru bat (zati zuria bakarrik)
    • arrozaren edo barazkien odolki bat
    • mango bat
    • oliba olioa
    • gatza
    • brick pasta, xaflatan
    • tipulin adarrak (biribilkiak lotzeko)
    • gurina, urtuta

    • Sagar alioliarentzat:
  • errege-sagar bat
  • bi baratxuri ale
  • 125 ml. ekilore-olio
  • 50 ml. esne
  • 3 ml. sagar ozpina edo sagardoa
  • limoi baten zukua
  • oliba olioa (zurrusta bat)
  • gatza
NOLA EGIN:

Porrua garbitu eta txiki-txiki zatitu behar da. Ondoren,olio pixka batekin frijituko dugu, 15 bat minutuz. Odolkiari azala kendu eta papurtu egingo da. Porruarekin batera 15 minutuz egingo dugu. Kurruskari eta txigortuta gelditu arte.

Mangoa dadoetan moztu eta beste 10 minutuz egiten utziko dugu, bigundu arte. Behin hori guztia egin dugunean, epeltzen utziko dugu. Brick xafla borobila bada, lauki bat egingo dugu, ertzak kenduz, eta lau zatitan banatuko dugu. Biribilki bakoitzak brick pastaren bi laukitxo edukiko ditu. Pastaren laukitxo bat hartu eta urtutako gurinarekin margotuko dugu, eta beste laukitxo bat jarri eta berriro margotuko dugu gurinarekin. Laukitxoaren erdian, aurrez porruarekin, odolkiarekin eta mangoarekin prestatuta dugunetik pixka bat jarriko dugu. Zapaldu egingo dugu, forma luzexka eta fin bat emanez. Biribilki forman itxi eta ertzak gurinarekin margotuko ditugu, itsatsita gelditzeko. Biribilkia erditik tipulin adarrarekin lotuko dugu.

Labeko erretilu batean laberako papera jarriko dugu, eta aurrez labea goitik eta behetik berotuta edukiko dugu, 180 gradutan. Biribilkiak labean sartuko ditugu, eta 10-15 minutuz edukiko dira (gorritu arte).

Sagar aliolia egiteko, sagarra zuritu, zatitu eta limoi zukuarekin bustiko dugu. Irabiagailuaren ontzian jarriko ditugu: baratxuriak, ozpina, gatz pixka bat, esnea, ekilore-olioaren erdia eta oliba olioa. Hori guztia irabiatu, sagar zatiak gehitu eta berriro dena irabiatuko dugu. Era berean, pixkanaka ekilore-olioa gehitzen joango gara emultsionatuta gelditu arte.

AURKEZPENA:

Plater baten erdian biribilki batzuk jarriko ditugu, eta horien gainean beste batzuk. Inguruan, sagar alioliaren puntutxo batzuk marraztuko ditugu, tipulinaren ukitu batekin. Katilu batean, nahiko sagar alioli jarriko dugu, bertan biribilkiak busti ahal izateko.