Kostako errepideak itxita jarraituko du egonkortze lanek errei bat segurtatzen duten arte

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 1a, 17:00
Olatuak kostako errepidean, Orroaga parean. (Zumaiako Udaltzaingoa)

Mozketek iraun bitartean 15 tonatik gorako kamioiei galarazi egingo zaie Meagaseko errepidetik igarotzea.

Azken asteotan gertatu bezala, Zarautz eta Getaria arteko N-634 kostaldeko errepideak itxita jarraituko du eguraldia hobetu eta egonkortze lanek errei bat gutxienez segurtasunez irekitzea ahalbidetu arte. Hala adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak gaineratu du Telegram mezularitza aplikazioan N-634 kosta izeneko kanal bat abiaraziko du datorren astelehenean, hilaren 5ean, "herritarrei errepidearen egoeraren berri momentuan bertan eman ahal izateko". Horrekin batera, Bide Azpiegituretako departamenduak herritarrei ohartarazten die, bai errepidea, baita bi herrien arteko pasealekua ere erabat itxita aurkitzen direla, eta oinezkoentzat ere ez dela  segurua bertatik igarotzea. 

Otsailaren 9an eta 10ean izandako denboraleak zulo bat zabaldu zuen Getaria eta Zarautz arteko errepide zatiko horma batean, eta azken egunetako ekaitzek kaltea areagotu egin dute. "Zulaketak gaur egun errepidearen bi erreiei eragiten die", azaldu du aldundiak. Egonkortze lanak prestatzeko lehen laginketak eta pikatzeak egiten hasi dira. Hala ere, larunbaterako berriz altuera handiko olatuen iragarpena dago eta eten egin dituzte lanak, astelehenean egoera berriz ebaluatu eta lanei noiz berrekin erabakitzeko. Gauzak horrela, eta Meagako errepidetik trafikoa errazteko, 15 tona baino gehiagoko kamioak debekatuko dituzte kostako errepidea itxita dagoen bitartean.

Foru Aldundiak informatu duenez, lehen erreia segurtatzeko lanek hiru asteko iraupena izatea aurreikusten da, "baldin eta baldintza meteorologikoek jarduketak bere martxan gauzatzea uzten badute".

Horma berreraikitzeko lanak

Erakundeak aurreikusten du horma berreraikitzeko lanak konplexuak izango direla errepidearen egoera eta kokapena dela eta. "Hasteko, eta prestaketa gisa lehenik, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko da, horma berreraikitzean materiala erori ez dadin eta, horrela, segurtasuna bermatzeko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obrako langileentzat, bai eta makinak jaisteko sarbide-arrapala bat ere, mareek uzten dutenean makinak lantokian jarriko dituen garabi baten beharra saihestuz. Horrekin, kostaldeko horma berreraikitzeari ekingo da eta, ondoren, errepideko plataforma eta oinezkoen pasealekua bermatuko dira. Horma berriz estali eta berreraikitako horma babesteko azpi-berritze bat egingo da, 20 m-ko luzerakoa eta 2 m-ko altuerako altxaerarekin; zabalera 1,50 m-koa izango da".

Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua birjarriko direla ere gaineratu du aldundiak.