Landaola sarietarako hautagai izendatu dituzte Errezilgo Bio-k Sagar Zirkle egitasmoa eta Beizamako Udala

Nerea Uranga 2024ko mar. 7a, 16:51
Beizama.

Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiteko sariak martxoaren 14an banatuko ditu Landaola Federazioak, Usurbilgo Sutegi kultur etxean. Zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta lau sari banatuko dituzte: erakunde pribatuarena, erakunde publikoarena, landa eremuko emakumeena eta urteetako ibilbidearena.

Gipuzkoako sei landa garapenerako elkartek osatzen dute Landaola Federazioa; tartean, Urkomek. Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiteko asmoz banatzen dituzte urtero Landaola Sariak; aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 14an egingo dute, 12:00etan, Usurbilgo Sutegi kultur etxean.

Lau sari banatuko dituzte: Erakunde Pribatuaren Landaola saria, Erakunde Publikoaren Landaola saria, Emakumeak Landa Eremuan Landaola saria eta urteetako ibilbideari Landaola saria. Lehen bi sarietarako hautagaien berri eman dute, eta eskualdeko bana daude erakunde pribatuarenean eta erakunde publikoarenean.

Erakunde pribatuaren sarirako hautagaien artean dago Errezilgo Antxiturbiazpikoa baserriko Bio-k Sagar Zirkle egitasmoa. Sagar Zirkle lurra eta ingurunea zainduko dituen eta sagarrak emandako guztia proiektu jasangarria da. Artisau ekoizleak dira.

Errezilgo Antxiturbiazpikoa baserrikoa da Bio-k; Sagar Zirkle egitasmoa. (Bio-k)

Erakunde publikoaren sarirako, berriz, Beizamako Udala dago hautagaien artean. Erakundearen proiektuaren helburua herriko ostatuan saltoki txiki bat irekitzea da, "biztanleen eguneroko beharrak asetzeko".

Landa eremuko emakumeari eta urteetako ibilbideari sarietarako hautagaiak ez dituzte aurrez esan, eta sarituak banaketa ekitaldian jakinaraziko dituztela adierazi du Landaola Federazioak.