Sektore publikoko langileek hirugarren lanuztea egingo dute bihar

Intza Trula 2024ko mar. 11a, 15:20
Azpeitiko langile publikoek egindako elkarretaratzea, joan den asteartean. (Aitziber Arzallus)

Iaz bi greba egun egin zituzten sektore publikoko langileek. ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek babestu dute biharkoa.

Langile publikoen egoera "okerrera" doala ikusita, greba egingo dute bihar Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileek. Hirugarren lanuztea izango da biharkoa; urriaren 25ean egin zuten lehena, eta abenduaren 19an, berriz, bigarrena. Hala, ordezkaritzaren %80 baino gehiago diren ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta egingo dute biharko greba. Oraingoan, ordea, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Sindikatuek azaldu dutenez, sektore publikoko langileen egoera "benetan" aldatzeko helburuarekin hartu dute mobilizazioekin jarraitzeko erabakia: "Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan". Honakoa gehitu dute: "EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrara, langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute".

Biharko lanuztearen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8an kokatzea.

Grebaren eragina eskualdeko herrietan

Ondorioz, bihar, ohiko zerbitzuak baino murritzagoak aurreikusten dira hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan nahiz garraioan. Zestoan, esaterako, deialdiarekin bat egin dute udaleko langile guztiek, udalak berak jakinarazi duenez. Hori dela eta, bihar itxita egongo dira Zestoako kiroldegia, liburutegia, udaletxea eta kultur etxeko bulegoa. Halaber, gutxieneko zerbitzuak izendatu dituzte Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten etxez etxeko zaintza zerbitzuaren arreta pertsonalean, Udaltzaingoan eta Zestoako zein Arroabeko haur eskoletako garbiketa zerbitzuetan.

Orioko udal langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta beraz, itxita egongo dira honako zerbitzuak: udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia eta turismo bulegoa. Kanpinean gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Azpeitian, berriz, Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua eta igerilekua itxita egongo dira bihar. Irekita egongo dira, ordea, Gizarte Zerbitzuen bulegoa, kiroldegia, liburutegia eta Emakumeen Txokoa.