Antxoa bai, baina berdelaren ondoren

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 16a, 15:29
Antxoa.

Orain arte "antxoa gutxi eta tamaina txikikoa" harrapatu dute eskualdeko arrantzaleek Getariako Kofradiako presidentearen esanetan.  Izan ere, nabarmendu du apirilaren erdialdean sartu ohi dela normalean antxoa euskal kostaldean.

Matxoaren hasieran ekin zioten baxurako arrantzaleek denboraldiari, eta pasa den astetik antxoa harrapatzen ari dira Getariako eta Orioko arrantza ontziak. Edonola ere, Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urrestik azaldu duenez, "oraindik ez da hasi" antxoaren kanpaina. "Orain arrantzatzen ari garen antxoa ia urte osoan zehar egoten da euskal kostaldean. Oso tamaina txikia du eta gutxi dagoenez, prezio oso altuan saltzen ari dira arrandegian, 14-15 eurotan kiloa. Hori oso garestia da, benetan antxoa sartu izan balitz, 7-8 eurotan legoke arraindegian, eta horrek benetan arraina euskal kostaldera iritsi dela esan nahiko luke", zehaztu du.

Normalean, antxoa apirilaren erdian iristen dela ere azaldu du Urrestik, eta orain itsasora ateratzen ari badira ere, berdelaren zain daude Getariako eta Orioko itsasontziak. "Hasi dira berdel ale bakan batzuk ikusten eta laster kostaldera iristea espero dugu".

Hori horrela, berdelaren kanpaina amaitutakoan abiatuko dute, serio, antxoarena.